argia.eus
INPRIMATU
Israelek debekatu egin ditu Palestinako Autoritate Nazionalak presoen familiei emandako diru laguntzak
  • Gazako bankuek ezingo dute Palestinako Autoritate Nazionalak (PAN) presoen familiei ematen dizkien diru-laguntzarik eskaini. Israelgo kartzeletan dauden preso palestinarren familiei eman ohi dizkie, eta diru-laguntzak “militarrek kontrolatutako justizia bidegabeko” baten ordainetan jasotako kalte-ordaina direla argudiatzen dute familiek.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 11
Gazako herritar batzuk bankutik dirua ateratzen. Argazkia: Noticias de Israel.

Palestinako Askapenerako Erakundeak hildako palestinarren familiei ematen dizkien donazioak ere debekatu ditu Israelek, legea betetzen ez duten banketxeetako beharginak kartzelaratzeko mehatxua eginez.

Gazako zenbait hiritan protestak piztu ditu Israelen erabakiak, “desohorezko” bezala definitu dute gazarrek. Palestinako lehen ministro Muhammad Shtayyehk ere palestinarrek beren kontuak berraktibatu ahal izatea eskatu du: “Presoen eta martirien eskubideak bermatzen dituzten soluzioak bilatuko ditugu, eta kolonoen tiraniatik babestuko ditugu banketxeak”.

Martiriak eta beren askatasuna eman dutenak

Palestinako Autoritate Nazionalak, Gazako zati baten kontrola duenak, preso eta preso ohien 12.000 familiari ematen dizkie diru-laguntzak. 760.000 palestinarretik gora kartzelaratu ditu Israelek okupazioaren 53 urteetan, Palestinaren Askapenerako Erakundearen arabera.

Israelek hasieratik jarri ditu trabak ordainketa horiek egiteko, baina gaur egungo egoeran, eztanda egin du. Izan ere, koronabirusaren krisian elkarlana sustatzearen alde azaldu badira ere, Netanyahu berrizendatutako presidenteak Gazako zenbait lurralde okupatzea hitz eman du, eta horrek tentsioa sortu du. Horrez gain, Palestinako zenbait hiritan sarekadak antolatu ditu Israelek.