argia.eus
INPRIMATU
Israelek beste mediku palestinar bat hil du torturapean
  • Azken urtean Gazan gutxienez 60 pertsona hil dituzte sionistek torturapean, horietariko hiru medikuak, eta beste 1.000 osasun langile baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Osasun sistemaren aurkako eraso “sistematiko eta berariazkoa” salatu du ministerioak.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko irailaren 23a
Argazkia: @ShaykhSulaiman

Ziad Mohammad Al-Dalu medikua Israelgo espetxe batean hil da, “tortura bortitza” jasan ondoren, Gazako Osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez. Gaza hiriko Al-Shifa ospitaleko barne medikuntza sailaren zuzendaria zen Ziad Mohammad, eta martxoaren 18an atxilotu zuen Israelgo armadak, ospitalean lanean ari zela. Gazako osasun agintariek joan den astean jakinarazi dute Mohammad kartzelan hil dutela sionistek, eta gogorarazi dute nazioarteko lege eta akordioen aurkakoa dela lan humanitarioa egiten ari diren osasun langileei eraso egitea.

Martxoaren 18an Al-Shifa ospitalearen aurka egindako sarekadan dozenaka osasun langile atxilotu zituzten israeldarrek, eta bi astez egin zioten eraso eraikinari eta inguruko zonaldeei. Gazako osasun zentro nagusia zen Al-Shifa, eta suntsitu egin zuten lehenagotik ere gogor kolpatua zegoena. Sionistak erretiratu zirenean, dozenaka gorpu topatu zituzten ospitaleko patioan lurperatuta.

Ordutik atxilotuta zuten Ziad Mohammad Al-Dalu, eta torturapean jasandako zaurien ondorioz hil dela baieztatu dute Gazako agintariek. Sionistek gutxienez 60 palestinar hil dituzte torturapean azken hamaika hilabeteetan. Ez da torturatuta hil duten lehen medikua, gutxienez hiru mediku hil dira Israelgo espetxeetan urriaren 7tik, antzeko egoeran.

Osasun sistema eta langileak jomugan

Abenduan, Adnan Al-Bursh medikuak uko egin zion Al-Shifako pazienteak uzteari, sionistak ospitalea bonbardatzen hasi zirenean. Bertan atxilotu zuten, eta apirilean jakin zen Al-Bursh torturapean hil zutela Israelgo kartzela batean. Beste mediku bat, Iyad Al-Rantisi, torturapean hil zuten sionistek Kamal Adwan ospitalean bahitu ostean, azaroan.

Armada sionistak sistematikoki izan du jomugan Gazako osasun sistema, izan azpiegiturak zein bertako langileak. Gutxienez 1.151 osasun langile hil ditu Israelek urriaren 7tik, eta 300dik gora bahitu, Palestinako Osasun Ministerioak ohartarazi duenez. Joan den astean bertan lau osasun langile hil eta beste sei zauritu dituzte Rafahn egindako bonbardaketan. Osasun langileen aurkako erasoa “sistematikoa eta berariazkoa” dela salatu du Osasun Ministerioak. Gerra krimena da beren lana egiten ari diren osasun langileei eraso egitea, eta ministerioak eskatu du nazioarteko komunitateak Israel erantzule jo dezala, zibilen eta osasun langileen aurkako erasoengatik.

Ospitaleak eta anbulantziak suntsitzea ohikoa bilakatu da Gazan. Osasun zentroen erdia baino gutxiago dago martxan, eta gaitasuna oso murriztua dute. Horrez gain, laguntza humanitarioa dakarten kamioien sarrera oztopatu egin du Israelek sistematikoki.