Bart gauean eginiko erasoetan beste hiru palestinar hil dira eta Israelek Gaza erasotzen jarraitzen du. Goizaldean, 45 minutuan 85 misil jaurti dituzte Russia Todayk dioenez. Israelek beste 16.000 erreserbista deitu ditu Gazako operazioa aurrera ateratzeko.
Azaroaren 14an Israelek Hamaseko buruzagi militarretako bat hil zuen. Honi erantzuna eman nahian palestinarren erasoak hasi ziren.
Israelek ofentsibak gogortu egin ditu goizaldean, Palestinako 150 lekuri eraso egin die, gehienak Gazako hirian. Bonbardaketa horietan, Gazako Barne ministerioari eraso egin diote Maan albiste agentziak jakinarazi duenez. Barne ministerioren aurka 40 bat bonba jaurti dituztela ere esan dute.
Palestinako Yihadak berriz Israelera hainbat misil jaurti ditu goizaldean. Misilak Tel Aviv hiriburutik gertu jo dute. 1991tik lehen aldiz, atzo aire bonbardaketa iragartzen duten sirenak martxan entzun ziren. Dagoeneko, 22 hildako tartean lau ume, eta ehunka zauritu daudela jakinarazi du RT hedabideak.
Egiptoko Lehen Ministro Hisham Kandil gaur goizaldean iritsi da Gazako hiriburura. “Gazan ikusten ari naizena hondamendia da eta ezin dut isilik egon. Israelen erasoaldiak amaitu egin behar du” adierazi du eta Kairok su etena lortzeko ahaleginak egingo dituela.
Munduko hainbat estatutako buruzagiek Israel eta Palestinaren arteko auzi honetan beraien iritzia eman dute. Australiako lehen ministro Julia Gillardek zera esan du “Israelek erantzutea normala da eta guk babestu egiten dugu”. Bestalde, Venezuelako Presidente Hugo Chavez-ek Israelek Gazaren aurkako oldarraldia gaitzetsi du.