argia.eus
INPRIMATU
Israelek beste babesleku humanitario bat bonbardatu du, eta dozenaka palestinar hil
  • 60 dendako eremua kolpatu dute sionistek, muturreraino beteta dagoen al-Mawasi errefuxiatu kanpalekuan. Bosgarren aldia da Israelek eraso egiten diona berak “zonalde seguru” izendatutakoari.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko irailaren 11
Al Jazeerak irailaren 5eko satelite irudien bidez ondorioztatu du 60 denda baino gehiago zeudela sionistek kolpatutako eremuan, eta krater handi bat utzi dute eztandek.

Armada sionistak berriro ere egin dio eraso al-Mawasiko kanpalekuari, Khan Younis inguruan, Gaza hegoaldean. Astearte goizaldean izan da erasoa, gauerdia igaro eta gutxira. Lau bonba jaurti dituzte gutxienez, eta kanpalekuan babes hartutako palestinar ugari lurperatuta gelditu dira hondar azpian. 40 hildako zenbatu dituzte iturri batzuek, eta Gazako osasun zerbitzuek jakinarazi dute hemeretzi gorpu berreskuratzea lortu dutela.

Hildako gehiago espero dira, hala ere. Al Jazeerak irailaren 5eko satelite irudien bidez ondorioztatu du 60 denda baino gehiago zeudela sionistek kolpatutako eremuan, eta krater handi bat utzi dute eztandek. Ez dakite zenbat jende dagoen hondarpean harrapatuta, baina al-Mawasi da Gazako zonalde jendetsuena, eta hainbat hedabidek jakinarazi dute familia ugarik dendak partekatzen dituztela bizileku gisa. Ehun zauritu inguru egon direla adierazi dute agintari palestinarrek, eta dozenaka hildako, Israelek “zehaztasun handiko erasoa” deitu duen bonbardaketan.

Gazako biztanleriaren ia erdia dago al-Mawasiko kanpalekuan babes hartuta. Oihalezko dendetan bizi dira gehienak, oinarrizko azpiegitura eta zerbitzurik gabe

Israelgo Armadak adierazi du Hamaseko militanteak zituela jomugan, baina Hamasek “gezur argia” dela esan du, eta ukatu egin du talde xiitako kiderik zegoenik inguru hartan. Kritika erauntsia jaso du Israelek kanpalekuari eraso egiteagatik. NBEk eta giza eskubideen aldeko hainbat erakundek salatu dute zibilen aurkako jazarpena, eta “zigor kolektiboa” eragitea leporatu diote, gerra krimena dena nazioarteko legearen arabera.

Bosgarren eraso handia al-Mawasin

Ez da Israelek al-Mawasiko eremua bonbardatzen duen lehen aldia, beste lau eraso handi jasan ditu urritik hona. Uztailean izan zen kanpalekuari egindako eraso bortitzena, orduan ere “zonalde seguru” izendatua zegoela. 90 pertsona hil zituzten gutxienez, eta 300dik gora zauritu. Hamaseko buru garrantzitsu bat helburu zutela adierazi zuen Israelgo Armadak orduko hartan ere.

Israelek Gazako biztanleriaren %90 lekualdatzera behartu du, erasoen eta ebakuazio aginduen bidez. Zonalde “seguru” gisa izendatutako eremu gutxietako bat da al-Mawasiko kanpalekua, sionistek Gazako lurren %86 ebakuatzeko agindu baitute genozidioan. 50 kilometro soilik gelditu dira debekutik kanpo, bi milioitik gorako biztanleriarentzat.

Datu argirik ez badago ere, Al Jazeeraren arabera Gazako biztanleriaren ia erdia dago al-Mawasiko kanpalekuan babes hartuta. Oihalezko dendetan bizi dira gehienak, oinarrizko azpiegitura eta zerbitzurik gabe, NBEk hainbatetan ohartarazi duenez. Laguntza humanitarioa sartzeko aukera oso mugatua izanda, ura, janaria eta garbiketa eta osasungintzako produkturik gabe bizirauten ari dira ehunka mila pertsona kanpalekuan. Ura lortzeko ilarak, edo komunera joan ahal izatekoak, hainbat ordukoak izan ohi dira, Al Jazeeraren esanetan.

Azaroan “zonalde humanitarioa” izendatu zutenetik, kritika ugari jaso zituen Israelek. Osasunaren Mundu Erakundeko buruak “hondamendirako errezeta” deitu zion al-Mawasiko eremuaren proposamenari.