argia.eus
INPRIMATU
Israelek baztertu egin du Juani Rishmawi Palestinako laguntzaile humanitarioa baldintzapean askatzea
  • Giza eskubideen aldeko ekintzailea apiriletik espetxean dago, eta azaroaren 17an jakinarazi zuen Israelgo tribunal militarrak 13 hilabeteko kartzela zigorra eta 14.000 euroko isuna ezarri zizkiola. Besteak beste, leporatzen diote legez kanpoko erakunde baten parte izatea eta Palestina Askatzeko Herri Frontea diruz laguntzea erakunde horren bidez.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 09a
Juani Rishmawi giza eskubideen aldeko ekintzailea da Palestinan, eta Hala Bedi Irratiko kolaboratzailea. / Argazkia: @uhintifada1

Juani Rishmawik hainbat GKErekin lanean dihardu Palestinan duela 35 urte baino gehiagotik, horien artean Health Work Committees (HWC) osasun erakundearekin. Horrexegatik jarri dio Israelgo tribunal militarrak kartzela zigorra: “HWC legez kanpoko erakundearen parte” izateagatik. Gutxienez bost kargu leporatzen dizkiote, besteak beste, HWCren diru-funtsak Palestina Askatzeko Herri Frontera (PAHF) bideratzea. Hala Bedi Irratiak argitaratu duenez, asteartean Israelgo epaitegiak baztertu egin du 63 urteko emakumea baldintzapean aske uztea.

Apirilaren 13an kargurik gabe atxilotu eta espetxeratu zuten Rishmawi, eta zazpi hilabete beranduago, azaroaren 17an, ezarri zizkion Israelgo tribunal militarrak 13 hilabeteko kartzela zigorra eta 14.000 euroko isuna. Astebete lehenago fiskaltzarekin adostu zuen erruduntasun hitzarmena, kondena jaisteko.

Hala Bedik azpimarratu du atxilotu zutenetik “isolamendua, etengabeko galdeketak eta kartzela aldaketak” jasan dituela. Gainera, epaiketa lau aldiz atzeratu du Israelgo justizia militarrak. HWC legez kanpoko erakundetzat jo dutenez, beste hainbat laguntzaile humanitario ere antzeko egoeran daude.

Juani Rishmawiren kasuak entzute handia izan du Euskal Herrian eta Espainian, izatez espainiar hiritartasuna duelako, eta erreferente izan delako hemengo Palestinaren aldeko mugimenduetan eta nazioarteko brigaden antolaketan. Hala Bedi Irratiaren kolaboratzailea da.