Israelek eten egin ditu Palestinako Aginte Nazionalarekin zituen elkarrizketak, erakunde horrek Hamasekin aste honetan lortu duen akordioa probestuz.
Netanyahuk NBC telebista kate estatubatuarrari eskainitako elkarrizketa batean adierazi du alderdi palestinarren arteko akordioak “bakearekin amaitzen duela”. Israel eta palestinarren arteko liskarrekin amaitzeko prozesuan atzerapausotzat jo du.
Asteazkenean alderdi palestinar nagusiek akordioa lortu zuten eta bost asteko epean batasun gobernua osatuko dute. Gobernuan Hamasek izango duten parte hartzea ez dute begi onez ikusi Israelen eta AEBetan. Israelen eta Palestinako Aginte Nazionalaren arteko negoziaketak joan den udatik zeuden abian.
Palestinako Askapenerako Erakundeko kide Saeb Erekatek adierazi du palestinarren arteko adiskidetzeak erakundearentzako “lehentasuna” izaten jarraitzen duela. Etorkizuneko batasuneko gobernuak Israelgo estatuaren existentzia aitortuko duela adierazi du. Orain arte Hamasek uko egin dio aitorpen horri.