argia.eus
INPRIMATU
Al Jazeera debekatu du Israelek, Gazan dagoen nazioarteko hedabiderik handiena
  • Hamasen tresna izatea leporatuta ezarri du debekua estatu sionistak. Al Jazeerak akusazioak ukatu ditu eta ahots kritikoak isilarazi nahia salatu du. Nazioarteko hainbat elkartek kritikatu dute “prentsa askatasunaren aurkako erasoa”. Debekua 45 egunekoa da momentuz, baina luzatzeko aukera du gobernuak.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 06a

Igandean bete du Benjamin Netanyahuk Israelgo lehen ministroak aspaldian luzatzen ari zen mehatxua. Al Jazeera katea Israelen debekatu eta sarekada egin dute hedabidearen Jerusalemgo bulegoetan. Tresneria asko konfiskatu dute bertan. “Hamasen ahotsa desagerrarazteko” neurri gisa justifikatu du hartutako neurria Netanyahuk. Associated Press agentziaren arabera lehen aldia da Israelek nazioarteko hedabide bat debekatzen duena.

Al Jazeerak adierazi du “oinarririk gabekoak” direla Israelen salaketak, hedabidea Hamasen propaganda tresna gisa irudikatzen dutenak. Salatu du igandeko debekua “motibazio politikoz” hartutako neurria dela, hedabide arabiarrak isilaraztera bideratua, eta ez Israelen segurtasun kezken ondorio. Al Jazeerak Qatarren du egoitza nagusia, eta urriaren 7tik hona etengabe aritu da Gazako Zerrendak jasandako oldarraldien jarraipena egiten. Hilabete hauetan Israelen erasoek Al Jazeerako kazetari ugari hil edo zauritu dituzte.

Knessetak, Israelgo Parlamentuak, apirilaren 1ean eman zion boterea Netanyahuri atzerriko hedabideak behin-behinean ixteko, eta aukera baliatu du orain. 45 egunekoa da debekua, baina luzatu daiteke. Beraz, Gazaren aurkako erasoek iraun bitartean mantendu dezakete indarrean. Netanyahuk agindua publiko egin eta gutxira desagertu da Al Jazeera Israelgo telebista hornitzaileen eskaintzatik. Hala ere, iturri batzuek aipatu dute Facebooken bidez jaso daitezkeela oraindik haien edukiak.

Imran Khan Al Jazeeraren ingelesezko berriemaile nagusiak bideo bat argitaratu du igandean, hedabidea itxi eta denbora gutxira. “Aurrez grabatutako bideo hau ikusten ari bazarete, Al Jazeera debekatua izan da Israelen”. Bertan azaldu ditu debekuaren xehetasunak: Besteak beste, Al Jazeera telebista katea emititzea eta hedabidearen webgunea debekatu dituzte, eta Al Jazeeraren edukia sortu edo zabaltzeko erabilitako edozein gailu konfiskatu dezake gobernuak, kazetarien telefono mugikorrak barne. Bestalde, Hassan Massoud Al Jazeerako kazetariari Israelen sartzea galarazi diote, debekua indarrean sartu ondoren.

 

 

 

 

Kritikak nazioartetik

Atzerriko Prentsaren Elkarteak, nazioarteko kazetarien elkarte handienetako batek, prentsa askatasunaren aurkako eraso larritzat jo du neurria, eta Israelgo Gobernuari dei egin dio atzera egitera. Kazetariak Babesteko Batzordeak ere kezka adierazi du debekuagatik, eta aldarrikatu du Al Jazeerak eta nazioarteko hedabide guztiek baimena izan behar luketela Israelen libreki lan egiteko, “batez ere gerra garaian”.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoak ere eskatu dio Israelgo Gobernuari bertan behera utzi dezala neurria. “Kazetaritza aske eta independentea ezinbestekoa da gardentasuna eta erantzukizunak bermatzeko. Orain inoiz baino gehiago, Gazatik informazioa zabaltzeari jarritako mugak ikusita”. Izan ere, Al Jazeerako kazetariak izan dira Gazatik bertatik berri ematen aritu diren bakarrenetakoak.