argia.eus
INPRIMATU
Israelek 50.000 etxebizitza suntsitu ditu Gaza iparraldean
  • Jabalia eta Beit Hanoungo hiriak “hondamendi zonalde” izendatu dituzte tokiko agintari palestinarrek. Israelgo azken erasoaldia amaituta suntsitutako hirietara itzultzen hasi dira herritarrak.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 04a
Argazkia: Omar Al-Qattaa/AFP

Azken asteetan Gazako Zerrendaren iparraldearen aurka gogor oldartu da Israelgo Armada, Rafahn (hegoaldean) eraso egiten zuen aldi berean. Naji Sarhaj Larrialdietako Udal Batzordeko buruak ohartarazi du Israelgo soldaduek 50.000 etxebizitza suntsitu dituztela Gaza iparraldean, eta hirietako kaleak eta ur zikinak garraiatzeko hustubide guztiak hondatu dituztela hondeamakinekin. 35 ur putzu ere suntsitu dituzte, eta baita UNRWAren eskola eta eraikin ugari ere. Zonaldea berreraikitzeko aukerak “berariaz kaltetu” izana leporatu dio Sarhajek Israeli. “Hondamendi zonalde” izendatu ditu Beit Hanoun hiria eta Jabaliako errefuxiatuen kanpalekua.

Ehundik gora palestinar hil dituzte sionistek Jabaliako kanpalekuan, hogei egunez iraun duen erasoaldian. Urrian hasi ziren errefuxiatu kanpalekuaren aurkako bonbardaketak eta lurreko erasoak, baina abenduan atera ziren bertatik, Hamasen zonaldeko unitateak suntsitu zituztela esan ondoren. Maiatzean, baina, berriz hasi zen Israelgo Armada Jabalian erasoan, berriz ere argudiatuta Hamaseko ekintzaileak han biltzen zirela. Israelek esan du 100 “miliziano” baino gehiago hil dituela azken hiru asteetan. Jabaliako iturriek jakinarazi dute 120 palestinar baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituztela sionistak irten ondoren, tartean dozenaka haur.

Gaza iparraldeko agintari palestinarrek ohartarazi dute biztanle gehienak egoera oso larrian daudela eta NBEari eta nazioarteko erakundeei dei egin diete “berehala esku hartzeko eta Gazara laguntza humanitarioa bidaltzeko”. Gaza iparraldean 700.000 pertsona inguru bizi dira, eta sionistek laguntzari jarritako oztopoek muturreko egoera eta krisi humanitario sakona eragin dute.

Jabaliako errefuxiatu kanpalekuaren eta iparraldeko beste hirien aurkako oldarraldia amaitutzat eman bazituen ere Israelgo Armadak, erasoak egiten jarraitu du, biztanleak suntsitutako zonaldera itzultzen ziren bitartean.