argia.eus
INPRIMATU
Siria
Israelek 1974ko akordioa urratu duela dio NBEk, Sirian soldaduak sartzeagatik
  • Mundu osoa dago Siriara begira, Israel tartean, zeinak bere presentzia handitu nahi duen. Bitartean, kartzeletan zeuden presoak askatu egin dituzte Bashar al Assad-en gobernuaren aurka egin duten matxinoek, eta milaka errefuxiatu herrialdera itzultzen ari dira.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko abenduaren 10
Milaka errefuxiatu siriar herrialdera itzultzen ari dira, horietako asko Turkiatik. ACNUR

Sirian gertatuak haren bizilagunak ere aztoratu ditu, Israel tartean. Igandean, Israeleko Kanpo Harremanetarako ministro Gideon Saar-ek adierazi zuen Siriako hainbat instalazio militar bonbardatu zituela, arma kimikoak gordetzen zituzten almazenak tartean, baita zenbait gerra-ontzi ere, Bashar al-Assad buru zuen gobernuaren aurka egin duten matxinoek bereganatu ez zitzaten. Halaber, albiste agentziek zabaldu zuten Israelgo armadak “segurtasun eremua” ezarri nahi duela Siria hegoaldean, bi herrialdeen artean dagoen desmilitarizatutako eremuaren kontrola hartuta.

Operazio horri dagokionez, informazio kontrajarria plazaratu da azken orduetan, ez baitago argi Israelgo tropak noraino heldu diren edo heldu nahi duten. Astelehenean Reuters agentziak publikatu zuen Israelgo soldaduak Damasko hiriburutik 25 kilometrora zeudela, baina armadak ukatu egin du. Dena den, Egiptok, Irakek eta Qatarrek israeldar soldaduak desmilitarizatutako eremuan sartu izana kritikatu dute, 1974ko Israel eta Siriaren akordioa urratzen duelakoan. NBEk ere Israelek akordioa urratu duela dio; Israelen hitzetan, ordea, Bashar al Assad-en gobernua erorita, akordioa hautsi egin da.

Errefuxiatuen itzulera

Ez da batere erraza Sirian eta inguruko herrialdeetan gertatzen ari dena ulertzea eta zer etor litekeen jakitea, hamaika korapilo dituen afera baita. Errefuxiatuena da horietako bat. Milioika dira siriar errefuxiatuak, eta milaka batzuk itzuli dira jada bertara. Hori dela-eta, Turkiak esaterako iragarri du Yayladagiko muga-igarobidea irekiko duela, herrialdeak hartu dituen siriar migratzaileak modu seguruan itzul daitezen.

Beren aldetik, Europako hainbat herrialdek jakinarazi dute siriar errefuxiatuen asilo-politika errebisatuko dutela. Frantzia, Austria, Belgika, Grezia, Danimarka eta Norvegiak, adibidez, tramitazio bidean ziren eskaerak geratuko dituztela iragarri dute, eta ez dituztela berriak onartuko.

Bestalde, Siriako kartzeletan zeuden milaka preso askatu dituzte matxinoek. Zabaldu diren bideoetan ikus daiteke horietako batzuk nola doazen saltoka eta korrika kalean, pozarren, baina gertatzen ari dena ongi ulertu gabe. Giza eskubideen aldeko erakundeek hainbatetan salatu dituzte Siriako kartzeletako egoera gogorrak. Tortura sistematikoa zela diote, eta ezkutuko exekuzioak ere izan direla; 2011. urtetik, gutxienez 100.000 lagun zeuden “desagertuta”.