argia.eus
INPRIMATU
Israeldarrek bi palestinar hil eta eskuin muturreko manifestariek kazetari bat jipoitu dute
  • 141 egunez gose grebari eutsi ostean, Hisham Abu Hawwash preso palestinarra askatzea onartu zuen Israelek. Horrekin lotuta, zenbait eraso egin dituzte israeldarrek palestinarren aurka, eta bi lagun hil dituzte.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 10a

Zisjordanian Israelgo militarrek 21 urteko palestinar bat tiroz hil dute, Nabulus kanpoaldeko Balata errefuxiatu gunean eginiko sarekadan. Bakeer Mohammad Hashash izena zuen.

Balatan hil duten Bakeer Hashashen artxiboko argazki bat.

Handik zenbait ordutara kolono israeldar batek bere autoarekin 25 urteko Mustafa Falaneh palestinarra harrapatu du, checkpoint baten ondoan, momentuan bertan hilez Falaneh.

Kolono batek autoarekin harrapatuta hildako Mustafa Falaneh bere haurrarekin, artxiboko argazki batean.

Bitartean, eskuin muturreko israeldarren manifestazio batean, fotokazetari palestinar bati eraso egin diote, Tel Aviveko ospitaletik gertu. Erasotzaileak Hisham Abu Hawash askatzearen aurka protestan ari ziren. Abu Hawashek 141 eguneko gose grebari amaiera eman zion ostiralean, bere espetxealdi administratiboa amaitu eta askatuko zutela adostu ostean agintari israeldarrekin. Inolako epaiketarik gabe zeukaten preso.