Hogei txirrindulari taldek parte hartuko dute astelehenean Ordiziako Klasikoaren 99. edizioan, horien artean Israel Premier Tech-ek. Goierriko Palestinaren Lagun Sareak deituta, elkarretaratzeak egingo dira lasterketa hasi aurretik eta amaitzean.
"Israel-Premier Tech taldeak estatu sionistaren zuriketa gauzatuko du Ordiziako Klasikoan", salatu dute. "Arazoa zein den galdetuko duzue batzuek, kirolariak besterik ez direla-eta", dio Palestinaren Lagun Sareak, hedabideetara igorritako mezuan. "Talde hau Ordiziara Israelgo enbaxadore bezala dator. Sylvan Adams, taldeko jabe nagusiak, garbi utzi du behin baina gehiagotan bere helburua Israelen irudia hobetzea dela, mundu osoan geroz eta kritika gogorragoak jasotzen dituen bitartean palestinarren giza eskubideen etengabeko urraketagatik".
"Israel ezin dugu normalizatu kirolen bidez", dio prentsa-oharrak. "Palestinarrak egunero tirokatzen eta beren lurretatik kanporatzen dituzten bitartean gure herrira irribarre lagunkoi batekin azaltzen zaizkigu israeldar kirol taldeak. Europako txapelketetan normaltasunez ari diren bitartean, palestinarrei euren lurretan bizi zein kirola normaltasunez egitea ukatzen zaie sistematikoki". Israelgo kirol taldeak "normaltasunez" gonbidatzeak Palestinarren kontrako proiektuari bultzada handia ematen diola gaineratu du Lagun Sareak, "proiektu koloniala estatu normal bezala ikustea lortzen baitu".
Hori horrela, palestinar herriari babesa agertzeko elkarretaratzeak deitu dituzte astelehenerako, txirrindularien aurkezpenean, irteerean eta helmugan.
Parte hartze polita
Vincenzo Nibali, Miguel Angel Lopez, Esteban Chavez, Juan Ayuso, Alessandro De Marchi eta Simon Yates ziklistak Ordizian izango dira astelehenean. Alejandro Valverde espainiarra izena emandakoen zerrendan dago oraingoz, baina ez dute erabat baieztatu lehian izango den, Iñaki Gurrutxaga kazetariak Goierriko Hitzan plazaratutako artikuluan irakurri daitekeenez.
Duela ehun urte, 1922an, jokatu zen Ordiziako Probaren lehen edizioa, eta datorren urtean egingo da 100.a. Aurtengoa, hortaz, hainbat ekimen jasoko duen ospakizunen abiapuntua izango da.