Contigo-Zurekin taldeak proposatutako ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko bozkekin. Israelek Gazan duen jarrera genozida salatu eta neurriak hartzeko eskatu dio Parlamentuak Nazioarteko Olinpiar Batzordeari.
Espainiako Gobernuari mezua bidali dio Nafarroako Parlamentuak, hark Espainiako Olinpiar Batzordeari eska diezaion 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan “ez dezala onartu Israelgo Estatuaren kirolari edo ordezkari ofizialik”, Gazako herritarren aurka egiten ari den erasoak iraun bitartean.
Contigo-Zurekin taldeak proposatutako ebazpenaren alde agertu dira EH Bildu eta Geroa Baiko parlamentariak. UPN eta PSN abstenitu egin dira, eta PPN eta Vox alderdiek aurka bozkatu dute. Contigo-Zurekin talde parlamentarioak argudiatu du zazpi hilabete baino gehiagoko “etengabeko sarraskiaren” ostean, ezin direla uztartu Israelen jarrera genozida eta espiritu olinpikoa.
Otsailean Nafarroako kirolari ugarik bideo bat argitaratu zuten Yala Nafarroa elkartearekin batera, genozidioaren aurka eta palestinar herriaren alde, EH Bilduko parlamentariek ohartarazi dutenez.
Daniel Lopez Contigo-Zurekin taldeko parlamentariak gogorarazi du Errusia eta Bielorrusia ez dituztela gonbidatu Parisko Olinpiar Jokoetara, Ukrainako gerran izandako parte-hartzeagatik. Azken berrien arabera, Errusia eta Bielorrusiako kirolariek “Banako Atleta Neutral” gisa hartu beharko dute parte lehiaketan, eta ezingo dute Olinpiar Jokoen hasierako ekitaldian egon. Bi herrialde hauen aurka neurriak hartu direnez, argudiatu dute Israelen aurka egin behar lukeela Nazioarteko Olinpiar Batzordeak.