Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek, ordea, egoera bereziki gaiztotu dute.
Panorama nahasi horren erdian jokatuko da Frantzia-Israel partida, segurtasun neurri zorrotzen pean.
Maccabiko Tel Aviv-ek Amsterdamen jokatu eta astebetera, Israelgo selekzioak Frantziaren aurka jokatuko du ostegunean Pariseko Stade de France estadioan, UEFAren Nazioen Liga txapelketaren baitan. "Segurtasuna bermatzea helburu", 4.000 polizia mobilizatuko ditu Frantziak; 2.500 agentek futbol-zelai inguruak kontrolatuko dituzte, eta beste 1.500ek Pariseko kale eta garraiobide publikoak. "Estadioaren inguruan segurtasun-perimetro antiterrorista ezarriko da", azaldu du Laurent Núñezek, Pariseko Polizia-buruak: "Bizi den tentsioa dela-eta, partida hau arrisku handikoa da, ez dugu inolako indarkeriarik onartuko". Kontrol zorrotzagoak ezarriko dituztela esan du, jendea sistematikoki miatuko dutela, eta zorroetan zer daramaten arakatu. Partidaren ingurukoak prestatzeko Israelgo agintari eta segurtasun indarrekin elkarlanean aritu direla gaineratu du Nuñezek. Frantziako Barne ministro Bruno Retailleauk, bestalde, ziurtatu du Nazioen Ligako partida aurreikusi bezala jokatuko dela: "Uste dut, arrazoi sinboliko batengatik, ezin dugula amore eman".
Arrazoi "sinbolikoak" aipatuta, Pariseko polizia-buruak iragarri du Frantzia-Israel partidan ezin izango dela "mezu politikorik" haizatu: "Israel eta Frantziako banderak onartuko dira soilik, baita bi taldeen aldeko mezuak ere". Ikur palestinarrak erakusten dituzten zaleak, aldiz, "zigortu" egingo dituztela azaldu du. Palestinar bandera bera erakusteak "ondorioak" izango ditu, egin du mehatxu Nuñezek.
Hain justu, pasa den asteazkenean "Palestina aske" zioen pankarta erraldoia zabaldu zuten Pariseko PSG taldeko zaleek, Madrilgo Atlético-ren aurkako Txapeldunen Ligako partida hasi baino lehen. Retailleau berak gogor kritikatu zuen ekintza hura. "Onartezina" dela esan zuen, eta PSGri azalpenak eskatuko zizkiola. "Klubeko presidentea da erantzulea. Pankarta hori estadiora nola heldu zen jakin nahi dut". Zaleek, komunikatu batean azaldu dute pankarta estadio kanpoan egin zutela, eta haren helburua ez zela gorrotozko mezua zabaltzea, "guztiz kontrakoa baizik", bigarren pankarta txikiago batek zioen moduan: "Gerra zelaian, baina bakea munduan".
UEFAko ordezkari batek, bestalde, adierazi du ez dutela PSGren aurkako prozedurarik abiatuko, soilik mezu iraingarri edo probokatzaileak daudelako debekaturik. Albiste agentziek jasotako hitzok talka egiten dute, esaterako, duela urtebete Glasgoweko Celtic taldeak jasotako isunarekin. Zaleek dozenaka bandera palestinar haizatu zituzten (Madrilgo Atléticoren aurkako partidan kasu horretan ere bai), eta klubak 17.500 euroko isuna jaso zuen.
Debeku-zerrendari gehitu behar zaio Amsterdam hirian (Herbehereak) hiru egunez manifestaziorik egitea debekatu izana, Ajax-Maccabiko Tel Aviv partidaren atarian izandako istiluen ondotik. Israeldar zaleek Amsterdameko eraikinetan zeuden Palestinako zenbait bandera kendu eta apurtu zituzten, baita arabiarren aurkako mezuak oihukatu ere –haien "heriotza" eskatzen zutenak, tartean–. Horrez gain, Valentziako biktimen omenezko minutuko isilunea ez zuten errespetatu –Espainiak estatu gisa onartu duelako Palestina–. Arabiar herritarrek probokazioari erantzun eta Tel Aviv-eko zaleei eraso egin zieten, Israeleko Gobernuak eta haren ostean Europako agintari andanak eraso "antisemita" bezala definitu dutena.
Gorka Bereziartuak horrela laburtu du gertatutakoa, Ipurgarbitzaileak artikuluan: "Joan ziren samaldan, Mossadeko agente eta guzti, Ajaxen aurkako partidura; ibili ziren hiriko balkoietan zeuden bandera palestinarrak kentzen eta erretzen; txikitu zuten taxi bat; egurtu zituzten zenbait bizilagun; kantatu zituzten oda lirikoak –“bihar Gazan ez dago eskolarik, ez baita geratzen joango den umerik”, adibidez–; eta estadio barruan ere, garrasi batean aritu ziren Valentziako uholdeetan hildako jendearen omenezko minutuko isilunean. (...) Zale horietako batzuk jipoitu egin zituzten gero; eta haietako bost ospitaleratzea nahikoa izan zen sionultren hizkera erabat transmutatzeko: hau pogrom bat da; gu eta Anne Frank, antzeko pareko; eraso antisemitak; tar, tar, tar".
Amsterdamen manifestazioak debekaturik dauden arren, igandean 200 bat lagunek elkarretaratzea egin dute Dam plazan, Maccabiko zaleen probokazioa salatu eta atxilo hartu dituzten lagunei babesa adierazteko. Poliziak hainbat pertsona atxilotu ditu, legez kanpoko ekintza zela-eta.
Testuinguru horretan, Israelgo Segurtasun Kontseiluak herritarrei dei egin die ahal duten neurrian ez joateko atzerrian egingo diren kirol eta kultur ekitaldietara, erreferentzia eginda "Pariseko partidaren aitzakian" antola daitezkeen manifestazioek eragin dezaketen oldarraldiari.
Bien bitartean, testuingurua osatzen aldera, azken 24 orduetan Israelgo armadak gutxienez 50 palestinar hil eta 160 zauritu ditu Gazan, Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Guztira 43.000 inguru lirateke iazko urriaz geroztik Israelgo armadak Gazan hildakoak.