argia.eus
INPRIMATU
Israel haurrak hiltzen dituzten herrialdeen zerrendan sartu du NBEak
  • 15.500 haur hil dituzte sionistek urriaren 7tik, Gazako Osasun ministerioaren arabera, eta malnutrizio sakona eragin dute zerrenda osoan. Israelen NBEko enbaxadoreak esan du “munduko armadarik moralena” dela Israelgoa.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 10

Urtero argitaratzen du NBEak gatazka armatuetako haurrei buruzko txostena, eta bertan zerrendatzen ditu haurren aurkako giza eskubideen urraketak egiten dituzten herrialde eta eragileak. Haurrak hil edo mutilatzea, sexu indarkeria eta ospitale eta ikastetxeen aurkako erasoak biltzen ditu txostenak. Aurten Israelgo Estatua sartu du zerrendan, Gazako genozidioan haurrei eragindako kaltea aintzat hartuta. Ofizialki datorren ostiralean aurkeztuko dute txostena, baina jadanik jakinarazi diote erabakia Israelen NBEko enbaxadoreari. Gazako erakundeen arabera, 15.500 haur baino gehiago hil dituzte sionistek azken zortzi hilabeteetan.

NBEren erabakia heldu baino egun bat lehenago Israelek NBEaren eskola bat bonbardatu du Gaza erdialdean. Hamaseko militanteak zeudela argudiatuta eskola suntsitu dute sionistek, eta gutxienez 40 palestinar hil dituzte bertan, horietako asko haurrak.

Israelgo Armadaz gain, Hamas eta Palestinako Jihad Islamikoa ere sartu ditu NBEak haurrak kaltetzen dituztenen zerrendan, iturri diplomatikoek Al Jazeerari esan diotenez. Hamasi egozten diote urriaren 7ko erasoaldian haurrak hil eta bahitu izana.

Israelen erreakzioa

Israelek NBEan daukan enbaxadoreak, Gilad Erdanek, esan du Israel sartzeko erabakia “amorragarria eta okerra” dela, Hamasek erabili dituelako haurrak terrorismorako eta ospitale eta eskolak erabiltzen dituelako base militar gisa. Gehitu du “Israelgo Armada munduko moralena” dela. NBEari leporatu dio terrorismoa sustatzea, eta Israelen aurkako gorrotoak bultzatzen dituela halako erabakiak.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak, ohar batean, adierazi du NBEak “bere burua sartu duela historiako zerrenda beltzean”, eta Hamas babestea egotzi dio. Israel Katz Atzerri ministro sionistak esan du erabaki horren ondorioz kaltetu egingo direla Israel eta NBEaren arteko harremanak. Lehenagotik ere izan dira bortitzak bien arteko harremanak, sionistek maiz leporatu izan diotelako nazioarteko erakundeari terrorismoaren alde egotea, Israelek eragindako sarraskiak salatu izan dituenean.

Presioak Israel zerrendan ez sartzeko

NBEko langile ugarik ohartarazi dute lehenago ere sartu zitekeela Israel “zerrenda beltzean”, baina agintari sionistek presio handia egin izan dutela horren aurka. Gatazka Armatuetako Haurren Behatokiko zuzendaria da Ezequiel Heffes, eta adierazi du “azken urteetan ere egiaztatu direla Israelek egindako giza eskubideen urraketak, baina inoiz ez da zerrendan sartu”.

Palestinarekiko elkartasun taldeen kritikak jasan izan ditu Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, Israel ez sartzeagatik aipatutako zerrendan, bertan zeuden bitartean Errusia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Somalia, Siria edo Haiti. Zerrenda hori erabiltzen da publikoki salatu eta “lotsarazteko” haurrei kalte egiten dieten herrialdeak. Baina gainerako herrialdeek ere erabili dezakete zerrenda arma salmenta murrizteko bertan agertzen direnei.

Israelen erasoek 36.700 palestinar baino gehiago hil dituzte urri hasieratik, horietatik 15.571 haurrak, Gazako Gobernuaren arabera. NBEko adituek ere ohartarazi dute krisi humanitarioa sortu duela Israelek, elikagaia, ura, medizina eta bestelako oinarrizko gaiei ezarritako murrizketekin. UNICEFek adierazi du Gazan hamar haurretik bederatzik muturreko elikagai pobrezia jasaten dutela, inoizko ehunekorik handiena. Alderatzeko, 2020an Gazako Zerrendako haurren %13a zegoen egoera horretan, UNICEFen arabera.