argia.eus
INPRIMATU
Israel da Beiruteko leherketaren erruduna, Libanoko Barne ministro ohiaren arabera
  • Abuztuaren 4an Beirut suntsitu zuen leherketaren erantzulea Israel da, Nohad Machnouk Libanoko Barne ministro ohiak asteazkenean prentsaurreko batean esan duenez. "Beiruteko operazioa modu argi eta esplizituan egin zuen Israelek", esan du Machnoukek. "Gizateriaren aurkako krimen baten aurrean gaudela, eta, beraz, inor ez da ausartzen horregatik erantzukizuna eskatzera", gaineratu du.

Axier Lopez @axierL 2020ko abuztuaren 14a
Argazkia: GettyImages

Machnouk Libanoko Barne ministroa izan zen 2014an eta 2016an. dimititu berri duen Saad Hariri lehen ministro ohiaren Etorkizuneko Mugimenduko kidea da, eta Hezbola mugimenduaren aurka dago.

Beiruteko portuan izandako leherketa masiboak 170 pertsona baino gehiago hil, beste 6.000 zauritu eta kalte izugarriak eragin ditu hirian. Leherketak Libanoko Gobernuaren inguruko kritikak areagotu baino ez ditu egin. Batez ere, leherketa eragin zuen produktu kimiko potentzialki leherkorra hainbat urtez pilatuta zegoela oso populatua zegoen gune batetik gertu dioten salaketak direla eta.

2019ko urriaren 17tik aurrera herritar askok protestatzeari ekin dio gaur arte, Libanoko eliteen kudeaketak suminduta.

Israel eta Libanoren arteko gatazka luzea da. Palestina okupatu eta Israelgo estatua sortu zutenetik, Israelgo armada eta milizia paramilitarren arteko liskarrak etengabeak izan dira. Azken liskar armatu irekia 2006an, Israelgo armada eta Hezbola erakunde islamista xiitaren adar armatuaren arteko gatazka armatua izan zen. Uztailaren 12an hasi eta abuztuaren 14ra arte iraun zuen. Egun horretan Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak su-etena ezarri zuen. Urriaren 1ean, tropa israeldar gehienak Libanotik erretiratu ziren.