argia.eus
INPRIMATU
Ustelkeriagatik Guardia Zibilak ikertutako Corsán enpresa, euskal AHTn lanean
  • Kataluniako abiadura handiko trenaren (AHT) Bartzelona inguruko lanetan ustez diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, Adif erakundeko eta Isolux Corsán-Corviam enpresako bederatzi goi-kargu atxilotu ditu Guardia Zibilak. Hain justu, EAEko AHTren lau zatitako obren arduraduna da aipatu enpresa. Haietako bat, Amorebieta/Etxano-Lemoa artekoa, %32,22 garestitu zen bi urtean, Iñaki Iriondo Gara egunkariko kazetariak nabarmendu duen moduan.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 06a
EAEko AHTren lau zatiren obretan ari da lanean Isolux Corsán-Corviam enpresa.

Adif-ek kudeatzen du Araba eta Bizkaia igarotzen dituen adarra, baita 'Bergarako lotunea' ere. Corsán enpresaren esku daude, bestalde, Jaurlaritzaren menpeko Tolosa-Hernialde eta Zizurkil-Andoain eta Espainiako Gobernuaren menpeko Amorebieta/Etxano-Lemoa eta Elorrio-Atxondo zatietako obrak.

Elorrio-Atxondo zatiaren 2,6 kilometroek 45,7 milioi euroko kostua dute. Aldi baterako enpresa-elkarte (ABEE) zabalago baten akziodun maioritarioa da Corsán enpresa, Garako kazetariak dioen bezala.

Iriondoren hitzetan Amorebieta/Etxano-Lemoa zatiaren kasua da deigarriena: 2007an 45 milioi euroko kostua bazuen, 2009an 59,5 milioi eurora arte handitu zen, aurreikusi gabeko esleipen gastuek bultzatuta bereziki. Era berean, lanak 2011 amaieran bukatzea aurreikusi zuten, baina obretan daude oraindik, bukaera-data zehatzik gabe gainera.

Guardia zibilak ikertzen ari diren irregulartasunak 2007-2009 epekoak dira, hain justu.

Tolosa-Hernialde arteko 3,8 kilometroak 104,7 milioi eurotan esleitu zitzaizkion Corsán-ek eta beste enpresa batek osatutako ABEEri. Zizurkil-Andoain zatiko 4,97 kilometroek 180 milioi euroko kostua dute; Corsán eta beste lau enpresa biltzen dituen ABEE baten esku daude.

Bi lehiaketak irabazi zituzten ABEE horien eskaintzak ez ziren merkeenak. "Balore judizioen" arabera neurtzen diren ezaugarriengatik hautatu zituen Patxi Lopezen Jaurlaritzak. Zentzu horretan, AHTren esleipenetan kontratatzailearen iritziak gehitxo balio duela-eta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazi du "gomendagarria" litzatekeela puntuazio-sistema berraztertzea.