Isolamendu egoerak gizarte honek ain gustuko dituen ispiluak begi parean jarri dizkigu. Suposatzen dut norberaren errealitatearen araberakoa izango dela ispiluak irudikatzen duena; ziurrenik lehengo planoan, alegia, medikuek, erizainek eta beste horren bestek ere, hil edo biziko egoeren ingurukoak izango dituztela ispilu aurrean ere. Kasuak kasu, Thanatos energia hor agortu daiteke. Nik nire egunerokotasunean zoriz, hil edo biziko egoerarik bizi behar ez dudanez, nire egunerokotasunean izatez daukadana daukat ispilu aurrean eta zeozer gehiago ere.
Ispilu aurrean nago, non jakin badakit izatez daukadan existentzialismoa agertzen zaidala ispiluko lehengo planoan... Maite dut bizitza… Eta benetan, bene-benetan, automatikoan zalantza zaparradez osatua nagoela jabetzen naiz... Eta onartzen dut, onartzen dut horrek min egiten nauela, min egiten naizela... Eta biziki bizi dut ezjakintasunaren bizipena, ziur gabeziarena... Eta hortxe berriro ikusten dut etengabeko jakin-nahia asetzeko helburuarekin betidanik irakurketa erabili dudala... Eta burura datozkit nerabe nintzeneko epikurismoa, hedonismoa, mitologia, erlijioa, soziologia eta psikologia inguruko hainbat irakurgai Zein ondo egoten nintzen ni nirekin nire irakurketetan nire beharrak asebetetzen. Eta orain ezin, eta ezin. Eta zergatik? Heldutasunak, neurri handi baten, sistemaren aldeko irensketa suposatu didalako, izan zitekeelako eta izan delako, eta behartutako isolamendu egoera honetan izaten ari delako.
"Zorionekoa naizelakoan nago, eta dena egoeraren eta neurriaren arabera omen da, eta izaten ari zait, eta da. Eta orain kutsu existentzialista honek zanpatzen nau"
Hiru seme alaben ama naiz, amatasuna plazer bat niretzat; irakaslea naiz ere, eta ezagutza munduan denbora egoteak plazerra suposatzen dit, ere. Ethos-ean kokatzen naiz: zorionekoa naizelakoan nago, eta dena egoeraren eta neurriaren arabera omen da, eta izaten ari zait, eta da. Eta orain kutsu existentzialista honek zanpatzen nau; nire begi aurretik kendu ezin dudan ispiluan berriro nerabe nintzeneko galderak agertzen dira; galdera guztien ama maitea aurkeztuko dut, hobe esanda, bera definitzen dituen hitzak idatziko ditut; hona hemen ene galdera ama maitearen izenaren aurkezpena: “zentzurik al du honek?” . Bere izen abizenak lau hitz horiek dira.
Ene ama; jakin badakigu ama zintzoari kasu egin behar diogula. Eta badakit ama galdera zintzoa dela, eta nire buruan ama zintzoa ikaragarri maite duen seme alaben erantzunak agertu nahi direla, saiatzen naiz fundamentuzko erantzunak lantzen, eta ekintza saiakeran geratzen da, soilik. Eta saiakera horretan emozioak aktibatzen zaizkit, bereziki ezjakintasunak sortzen dizkidanak. Eta nahiz eta jakin ezagutzaren oinarrian ezjakintasuna dagoela hutsunearen sakontasuna era oso bizian bizi dut .
Existentzialismoaren beroa sumatzen dut, batzuetan gehiegi, besteetan gutxiago… Ez dakit ba “ongi izateko” gizartearen “milongak” sinestarazi zidan osasun arloko pandemiarik egon ez zitekeenik. Kritikotzat nuen nire burua: gure gizartearen inguruan produktu guztien merkantilizazioko gizartean bekaizkeriaren ondorioz eta kontsumismo neoliberalistaren eraginez burtsan dauden gorbatadun gizonen aukeraketen artean platanoaren prezioaren igoerak hainbeste heriotza ekartzen dituela jakin badakit; eta ozenki azaltzen dut ahal dudan guztietan. Hori argi neukan, eta guztiz krudela da. Baina ez nekien, etxean konfinamendu egoeran egon beharko ginenik, ezta gure ahultasunak horrelako neurria zutenik erez. “ Ongi izatearen” gizartearen “milonga”?.Berdin da. Hori ez da erantzuna. Ez naiz seme alaba zintzoa izaten ari: ez ama, ez dakit honek zentzurik duen. Gainera ama maitea, esan behar dizut zure galderak galdera txiki pila asko sortzen dizkidala, eta denak egiten eta ditudan gauzen balioen ingurukoak direla. Amatxo maitea: lagundu.
Amatxo maitea ispiluak nekatzen nau: kuttuntzat nuen nire errealitatea dut orain aztergai. Amatxo, denbora behar dut. Hutsunearen mina sentitzen dut. Ispiluan ikusarazteen dizkidazunak mintzen naute. Eta Kubrick-en La naranja mecánica-ko protagonistaren begietako txotxak banitu bezala ere sentitzen naiz, zure galdera nire begi aurretik kendu ezinean nagoelako. Denbora behar dut ama.
"Existentzialismoaren beroa sumatzen dut, batzuetan gehiegi, besteetan gutxiago… Ez dakit ba 'ongi izateko' gizartearen 'milongak' sinestarazi zidan osasun arloko pandemiarik egon ez zitekeenik"
Amatxo maitea, gaurkoz nire pentsamendua mugatuko dudalako bukatzeko hurrengoa adierazi nahi dizut: badakit zu galdera bezala agertu zarela pandemia egoera honek ispiluak sendo eusten dituelako… Badakit niri egoera honek ez didala ispilua mutur aurrean jartzea baino kalte handiagorik sortu, oraingoz behintzat. Hala ere ispiluaren oinarrian dagoen zoritxarreko birus horrek gauz pila gogorarazi dizkit: ahulak garela; askotan izaten ari denaren inguruan zeresan gutxi dugula; gure bertutea egoeraren onarpenetik abiatuz daukagun gaitasun mugatuaren erabilpen magikoan ere aurkitzen dela; eta gauzak ulertzeko denbora behar dela… Eta bukatzeko, benetan bukatzeko, norberaren bizitzaren zentzuaren inguruan norberak azalpen hori dagokion egoerari eguneratu behar duela, edo beharko lukela, alegia, amatxo maitea, alegia.
Eta guzti horrrek erakutsi badit ere egoera honek, egoera hau ispilu bedeinkatu honen euskarri izateagatik eskerrak eman beharko niola jakinda, ez dizkiot eman nahi, egoera honek neurrigabeko zorigaitza sortzen duelako eta horrek sutsuki sumintzen nau. Hortaz, ez dizkiot emango.
Egon lasai amatxo maitea, nahiz eta zure galderaren erantzunik ez izan bidea eraikitzen ari naiz, eta zalantzez gain, ispiluan gauz ederrak ikusteko gaitasuna mantentzen dugun bitartean txotx hauek merezi dutela badakit. Esker mila, ama maitea.