Ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako Nazio Batuen Elkarteko programak egindako txosten baten arabera, urtero 10 milioi hektarea baso suntsitzen da munduan, Portugal edo Islandiaren tamainakoa. Deforestazioak munduko gas-isurien %25 dakarrela ohartarazi du erakundeak.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) alarma jo du munduan azken urteetan izaten ari den baso suntsiketa dela-eta. Deforestazioak, hala nola nekazaritza intentsiboak eta lurraren beste erabilera batzuek negutegi-efektua sortzen duten gas-isurien %25 suposatzen dute, NBEren arabera.
Asteazken honetan aurkezturiko txosten batean, Ingurumena Zaintzeko eta Kontserbatzeko NBEren programako arduradunek azaldu dute 10 milioi hektarea baso suntsitzen dela urtero, eta ondorioz, oso urrun gaudela 2030 urterako deforestazioarekin amaitu eta egoera iraultzeko jarritako helburua lortzetik.
2022an Europar Batasunean 786.000 hektarea baso erre zen –horietatik %39 Espainiako Estatuan– eta 28 milioi tona CO2 isuri zen ondorioz. Munduko beste hainbat txokotan ere antzeko baso eta oihan kopuruak kiskali ziren suaren ondorioz iaz.
Brasilen, Jair Bolsonaroren garaian milioika hektarea oihan deforestatu da Amazonian, eta hain justu Lula da Silva presidente izendatu berriaren zereginetako bat izango da egoera horrekin amaitzea; horretarako Amazoniako herrialdeekin gailur bat egin nahi du aurten.
NBEren esanetan, deforestazioak sorturiko isuriekin amaituz gero eta basoberritzeek xurgatuko luketena kontuan hartuta, isurtzen den CO2 kopurua %30 jaitsi liteke hurrengo hamarkadan. Baina horretarako, beharrezkoa da baso suntsiketak deslotzea lehengaien produkzioarekin.
Tropikoetan, adibidez, suntsiketa handiena nekazaritzarako produkzio ereduak sortzen du, hala nola palma olioa ekoizteko, haragitarako ganadua hazteko, papera egiteko egurra lortzeko... Horrek guztiak, gainera, klima aldaketari aurre egiteko erresilientzia murrizten du, txostenean ondorioztatu dutenez.