Protestak jarraipen masiboa izan du, eta Katrin Jakobsdóttir lehen ministroak ere bat egin du lanuzteekin. Herrialdeko soldata arrakala eta genero indarkeria salatu dituzte.
Islandian milaka emakume mobilizatu dira astearte honetan herrialde nordikoan egindako greba feminista historiko batean. “Horri berdintasuna deitzen diozu?” lemapean atera dira kalera eta 1975az geroztik inoizko protesta garrantzitsu eta jendetsuena izan da. Protestak jarraipen masiboa izan du, eta Katrin Jakobsdóttir lehen ministroak ere bat egin du lanuzteekin.
Sindikatu nagusiek eta herrialdeko 40 elkarte feministak deitu dute greba eta emakumeak zein “ez-bitarrak” diren pertsonak zeuden deituta. Goizeko lehen ordutik eragin nabarmena izan du eskoletan, ospitaleetan, saltokietan eta udal-zerbitzuetan. Langile faltagatik ordutegiak murriztu behar izan dituzte hainbatetan, eta zuzenean saltokiak itxi, besteetan. Emakume asko etxean geratu dira protesta gisa, 24 orduz inolako lanik egin gabe; ospitaleetan lan egiten dutenek ere ohartarazi zuten larrialdi kasuak bakarrik artatuko zituztela.
Katrin Jakobsdóttir lehen ministroak ere protestarekin bat egin du eta Gobernu Kontseilua hurrengo egunerako atzeratzeaz gain, Gobernuko beste ministro zein legegileei ere lanera ez joateko eskatu zien. Asteartean komunikabide ezberdinetan adierazi duen moduan, “Islandiako emakumeei elkartasuna adierazteko” atxikitzen zen grebara, eta azaldu du oraindik ez dituztela "genero-berdintasun osoko helburuak" lortu. “Oraindik soldata arrakala nabarmena dago eta hori 2023an onartezina da”, gaineratu zuen.
Soldatak, %20 txikiagoak
Herrialdeak berak aditzera emandako estatistiken arabera, Islandiako emakumeek gizonek baino %20 gutxiago irabazten dute, nahiz eta gaur gaurkoz, mundu mailako nazio aurrerakoienetako bat izan. Hori gutxi ez eta Islandiako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, emakumeen %40k genero eta sexu indarkeria jasaten dute euren egunerokoan.