argia.eus
INPRIMATU
Islandiako lehen ministroak dimititu egin du “Panamako paperen” ondorioz
  • “Panamako paperen” filtrazioak hautsak harrotu ditu zenbait herrialdetan. Auzian inplikaturik dauden 140 politikariren izenak jakinarazi dituzte oraingoz: tartean daude Islandiako lehen ministro ohi Sigmundur Gunnlaugsson, Argentinako presidente Mauricio Macri, Errusiako presidente Vladimir Putinen bazkideak eta Saudi Arabiako erregea.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko apirilaren 06a
Islandiako lehen ministro ohia asteartean batzartu zen herrialdeko presidentearekin.

Filtrazioa publiko egin zen momentuan kolokan jarri zen Islandiako lehen ministroaren etorkizuna: asteartean milaka islandiar atera ziren kalera Gunnlaugssonen dimisioa eskatuz. Kargua mantentzeko ahaleginak egin baditu ere, dimisioa aurkeztu du “Panamako paperak” argitaratu eta 45 ordura. Epealdi horretan elkarrizketa bat eskaini du Suediako telebista publikoan: alde egin zuen auziaz galdegin ziotenean. Milioika bisita ditu bideoak.

Gunnlaugsson asteartean batzartu zen herrialdeko presidente Olafur Ragnar Grimssonekin. Parlamentua desegin eta hauteskunde berriak deitzea iradoki zion, auzian ez zuela koalizio kideen babes publikoa jaso argudiatuta; kasu horretan, lehen ministro kargua mantenduko luke jarduneko gobernuan. Ezetz esan zion Islandiako presidenteak.

Orain gainerako alderdiekin batzartzeari ekingo dio herrialdeko presidenteak, Konstituzioak aitortzen dion eskubidea baliatuz. Gobernu berri bat osatzeko aukera izango luke, Gunnlaugsson gabe. Ahaleginek huts eginez gero, hauteskundeak aurreratuko lirateke.

Islandiako lehen ministro ohiaren eta haren emaztearen izenak “Panamako paperetan” ageri dira. Ustez, zerga paradisuak baliatuz milioika euroko inbertsioak egin zituzten zenbait bankutan. Wintris elkartearen bidez egiten zituzten inbertsio horiek eta Gunnlaugsson politikan sartu zenean, bere emaztearen esku geratu zen Wintris. Elkarteak lau milioi euro inguruko ondasuna zuen.