argia.eus
INPRIMATU
Ane Irazabal
“Islam erradikalaren atzean ideologia politiko bat dago”
  • Jihadismoa eta errefuxiatuen aferak izan zituen aztergai irailaren 5ean Ane Irazabal kazetari arrasatearrak Kulturaten egindako solasaldian. Areto nagusia txiki geratu zen. Errefuxiatuei buruz, Europaren blokeoaren aurrean "laguntza legala eta juridikoa" behar dutela azpimarratu zuen.

Ibai TrebiƱo @ibaitrebino Mondraberri 2017ko irailaren 08a
Azken sei urteetan ekialde hurbilean izandako aldaketa politikoek utzitako ondorioak 
aztergai izan zituen atzo Ane Irazabal kazetari arrasatearrak toperaino beteta zegoen Kulturateko areto nagusian. 2011ean ekin zion Irazabalek nazioartean lan egiteari, Egiptoko "udaberri arabiarren bixamona" kubritzen alegia eta ordutik, errefuxiatuen afera edota Gazako gerratik informatzen aritu da besteak beste. Testu inguru horretan, sei urte hauetan ikusitakoa partekatu nahi izan zuen atzokoan, kazetari zein gizatiar ikuspegi batetik.
 
Egun pil-pilean dagoen gaia da yihadismoa, are gehiago Bartzelonako erasoen ondoren, eta atentatuen harira komunikabideek piztutako "alarmismoak" kezka handia sortzen ziola aditzera eman zuen arrasatearrak.
 
Ondoren, Islamaren inguruko azalpenak eman zituen ere, erlijio honetan bi korronte desberdin gailendu direla azpimarratuz; Alde batetik, "Islama bakea dela uste dutenena", hots musulmanen artean gehiengoa dena eta bestalde, Saudi Arabia eta Persiar Golkoko hainbat herrialdek azken urteetan sustatu dutena, wahabismoa eta salafismoa alegia. Azken honen inguruan, "fede erlijioso bat baino, ideologia politiko bat dagoela" azpimarratu zuen kazetariak.
 
 (id: 3363712)
Saudi Arabiak eta bere sokako herrialde batzuek munduan zehar zabaltzen ari duten ideologia "takfiria" zer zen azaldu zuen ere Irazabalek, "musulmanen arteko gerra zabaltzea" helburu duela azpimarratuz. Horrela, Siriako edo Libiako gerran "kanpoko eskuhartzea" egon dela aitortu zuen, Tunez edo Egiptoko 'udaberri arabiarren' "espontaneotasunarekin" alderatuta. 
 
"Errefuxiatuek laguntza legala behar dute"
Ekialde hurbileko hainbat gatazkek utzitako ondorio humanitarioak ere aipatu Irazabalek, izan ere, azken urteetan errefuxiatuen afera jorratu izanak ezagutza maila handia eman dio; FYROM-Macedonia, Serbia edota Grezian, hondamendi humanitarioa bertatik jarraitzeko aukera izan du arrasatearrak, Irak, Afganistan edota Afrikako iparraldetik etorritako etorkinen ondoan. Kazetariak bere ibilbidearen errepasoa egin eta gaiaren inguruan "Europak errefuxiatuen hitzarmena blokeatu duela" ozen salatu zuen. Blokeo honen aurrean, errefuxiatuek "laguntza legala eta juridikoa" behar dutela esan zuen. 
 
Zentzu berean, errefuxiatuen uholdeak arrazismoa sortu du Europan eta horren aurrean batzuen moral bikotza salatu zuen: "Arrazismoa dago, hori bai soilik pobreen aurka". 
 
 (id: 3397128)

 

Kulturate toperaino, inoiz ez bezala

AEDk antolatuta, Jokin Zaitegi gelan egitekoa zen Eneko Azkarate eta Ane Irazabal 
freelance eta berriemaile arrasatearraren arteko elkarrizketa, baino azkenean Kulturateko areto nagusira mugitu behar izan zuten hitzaldia, bertara gerturatu zen jendetza ikusita.  Bartzelonako atentatuen ostean gaiak sorturiko ikusmin handiaren erakusle izan zen Kulturateko Areto Nagusia toperaino bete izana, izan ere, 150 lagunetik gora parte hartu zuten atzoko ekimenean.

 

 

Albiste hau Mondraberrik argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.