argia.eus
INPRIMATU
Isidro Murga
“Kartzelara eraman bagintuen ere, harro gaude bizitako historiaz”
  • 8 urte preso egon ostean, ostegunean gelditu ziren aske Isidro eta Patxo Murga anaiak. 18/98 sumarioan auzipetuak, Egineko langileak izateagatik atxilotu zituzten 2007ko azaroan, eta 69 eta 70 urteko adinarekin utzi dute Leongo espetxea.

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 01
Leongo espetxetik irtetzean 100 lagun zituzten zain Isidro eta Patxo Murgak (argazkia: @EtxeratElkartea)

Adinak fisikoki kartzelaldia zaildu egiten duela onartu arren, burua ongi mantendu izanak eta kideen arteko elkartasunak aurrera egiten lagundu diela azaldu dute.

Info 7 irratian egindako elkarrizketan adierazi dutenez, “oso hunkigarria” izan zen espetxetik ateratzerakoan izan zuten ongietorria. Laudiotik, beraien herritik, hurbildutako autobusaz gain, garaiko Egineko eta egungo Garako ordezkaritzak ere bertaratu ziren. Baita Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere.

Elkarrizketan bi anaiek nabarmendu dute Aieteko adierazpenetik lau urte igaro diren honetan, oraindik asko dagoela egiteko, eta gogorarazi dute Egineko zuzendaria eta beste hainbat kide ere preso dauzkatela: “Hau guztia oso presente izan behar dugu normalizazio eta bake garaietaz hitz egiten den momentu hauetan”.

Eginen inguruan, honela mintzatu da Isidro Murga: “Egin ez dago hilda, eta hil behar bazuen ez ziguten lurperatzen ere utzi. Egin bizirik dago. Beste gauza batzuen artean, oraindik bizirik dago Espainiako Auzitegi Gorenak esan zuelako Egin ez zela inoiz itxi behar”.

Bestalde, biak ados azaldu dira Euskal Herriko hedabideek duten garrantzia nabarmentzerakoan. Egungo desinformazio mediatikoaren aurrean, Patxo Murgak adierazi du Gararen titularrak irakurtzeak “arnasa” eman diola kartzela barruan.  

Egungo egoeraz balorazioa egiterakoan, Isidro Murgak esan du egoera “zaila” izan arren, nazioartetik datozen berriak oso interesgarri  iruditzen zaizkiola.

Astelehenean hartuko dute Euskal Herrirako bidea bi anaiek.