Isaki Lacuesta zuzendariaren Entre dos aguas filmak irabazi du Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra. Saria eskuratzen duen bigarren aldia da, 2011n Los pasos dobles filmarekin ere irabazi baitzuen. Fikziozko istorio bat modu hiper errealistan pantailaratzen asmatu du zuzendari gironarrak.
Palmares ofizialak nabarmendu dituen beste pelikulei dagokienez, Benjamin Naishtaten Rojo film argentiarra izan da gaueko irabazle nagusietako bat: zuzendari onenaren saria, gizonezko aktore onenarena eta argazki onenarena irabazi ditu.
Naishtat oso kritiko agertu da bere herrialdeko gobernuarekin zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jaso duenean. Macriren gobernuak Kultura ministerioa itxi zuela adierazi du, gaur egun beste ministerio baten azpisail bihurtu dela eta biharko egunkariek bere filmaren arrakastaren berri emango duten arren, kulturaren egoera ez dagoela ondo Argentinan. "Duintasuna ez da negoziatzen" esanez bukatu du hitzaldia.
Emakumezko aktore onenaren saria Pia Tjetarentzat izan da, Blind Spot film norvegiarrean jokatu duen paperarengatik. Pelikula osoa plano bakarrean kontatua dago eta Tjetaren pertsonaiak jokatzen du rol garrantzitsuena, bere buruaz beste egiten saiatu den neska baten amaren papera hain zuzen ere. Antzezpenak momentu gogoangarriak ditu, adibidez, ia hitzik esan gabe adierazkortasun handia lortzen duen taxi-bidaia, Sail Ofiziala jarraitu dutenen artean zeresana eman duena.
Bi pelikulak jaso dute ex aequo gidoi onenaren saria: Louis Garrelek L'homme fidele filmarengatik eta Yuli pelikularen gidoia idatzi duen Paul Lavertyk. Biek ere salaketa politikorako baliatu dute saria jasotzeko hitzaldia: Garrelek gogoan izan du Oleg Sentsov zine zuzendari ukrainarra, zeina preso dagoen Krimeako penintsularen anexio errusiarraren kontrako ekintzengatik. Lavertyk berriz, oso hitz gogorrak izan ditu Kubaren aurkako blokeo ekonomikoaren kontra eta hura sostengatzen duten AEBren eta Israelen aurka.
Epaimahaiaren sari berezia berriz, Brillante Mendoza zuzendariaren Alpha: The Right to Kill pelikularentzat izan da, Filipinetako "drogen aurkako gerra"-ri buruz egin duen erretratu gordinagatik.
Koldo Almandoz eta Raul de la Fuente ere sarituak
Palmares ofizialetik kanpo bada ere, bi euskal zuzendari saritu dituzte Donostian larunbat honetan. Euskal zinemaren Irizar saria Koldo Almandozen Oreina filmarentzat izan da eta Donostia Hiria Publikoaren Saria berriz, Raul de la Fuenteren Another Day of Life pelikularntzat.
Bi lanek zeresan handia eman dute Zinemaldia hasi aurretik ere. Oreina Koldo Almandozen fikziozko lehen film luzea da eta Zuzendari Berriak sailean ikusi ahal izan da Zinemaldian. Ostiral honetan estreinatu da areto komertzialetan, bi anaiaren eta gazte saharar baten harremanaren inguruan ardaztutako pelikula.
Raul de la Fuenteren pelikulak berriz, Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarrak Angolako gerran izan zituen bizipenak ditu oinarri. Animaziozko lana Canneseko festibaletik pasa ondoren iritsi da Donostiara eta urritik aurrera ikusi ahal izango da aretoetan.