argia.eus
INPRIMATU
Iruzurra edo estatu kolpearen itzala Kolonbian igandeko hauteskundeetarako
  • Herrialdeko lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egingo dira datorren maiatzaren 29an Kolonbian eta Itun Historiakoa ezkerreko koalizio zabaleko hautagai Gustavo Petro izango da irabazlea, inkesta guztien arabera.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko maiatzaren 23a
Francia Marquez eta Gustavo Petro ezkerreko hautagaiak. (Argazkia: Forbes Kolonbia).

Lehenbiziko aldiz irabaziko lituzke lehendakaritzarako hauteskundeak Kolonbian ezkerreko hautagai batek eta, antza, urduritasuna barreiatzen ari da azken hamarkadetan eskuinak eta uribismoak kontrolatutako herrialdean. Ondorioz, gero eta gehiago entzuten da balizko iruzurraz, biolentzia leherketaz eta egoera horri aurre egiteko estatu kolpeaz. Petrok berak adi egotera dei egin die kolonbiarrei, esanez gobernuak hauteskundeak bertan behera uztea aurreikusten duela.

Inkesta gehientsuenen arabera, Petrok lortuko luke botoen %42 eta Federico Gutierrez Fico eskuineko hautagaiak %25,3. Edozein kasutan, bigarren itzulia egongo litzateke, lehenengoan hautatua izateko botoen %51 lortu behar baita, eta ezusteko oso handirik ezean, Petrok ez luke horrelakorik erdietsiko. Rodolfo Hernández enpresaria litzateke hirugarren hautagaia botoen %18rekin, eta analistek ez dute baztertzen Gutierrez hautagai ofizialistaren aurretik geratzea.

Joan den martxoko hauteskunde legegileetan, Itun Historikoak ezustekoa eman eta hauteskundeak irabazi zituen. Orain, beraz, berriz irabaziz gero, ezkerrak lehendakaritza eta ganbara legegilearen kontrola izango lituzke.

Ilusio handiz bukatu dute hauteskunde kanpaina Itun Historikoaren jarraitzaileek, baina haren buruzagien inguruan atentatuekiko beldurra ere biderkatu egin da. Francia Márquez Petroren lehendakariorderako hautagaiak, adibidez, heriotzaren eskuadroietako mehatxu ugari jaso ditu kanpainan. Abokatu afrokolonbiarrak eta ingurumen aktibistak hainbat atentatu saiakera izan ditu azken urteetan. Oso ohikoa da Kolonbian ezkerreko hautagaien aurkako atentatu hilgarriak izatea, 80ko eta 90eko hamarkadetan Batasun Patriotikoko hautagaiekin gertatu zen bezala.