argia.eus
INPRIMATU
Iruzurra atzeman den 13 espezialitateetan Osakidetzako oposizioak gelditzeko eskatu dute
  • Osakidetzak oposizioak geldiarazi ditu behin-behinean hiru espezialitatetan, baina EH Bildurentzat hori ez da nahikoa: "Ezinbestekoa da azterketak etetea susmopean dauden 13 arloetan". ELAk ere berretsi du eskaera. Halaber, lanpostuak "lagunen artean banatzen al diren" argitzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 06a

"Akusazioak oso larriak dira, iruzur zantzu serioak daude eta kaltetuak herritar asko izan daitezke. Susmoaren orbana ez dago Osakidetzak geldiarazi dituen hiru espezialitateetan, 13 dira susmopean daudenak, eta horregatik eskatzen diogu horietan guztietan oposizioak eteteko", adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak.

Ohiko praktika?

"EAJk argitu behar du orain filtrazioak egon ote diren, oposizioetan iruzurra dagoen, faboritismoa dagoen eta azterketak eta lanpostuak lagunen artean banatzen diren, oso kezkagarriak direlako ateratzen ari diren mezuak, esanez hau ohiko praktika izan dela Osakidetzan, urteetan eta urteetan horrela egin direla gauzak". Horrelako eskandaluek lan publikoei "izugarrizko mina" egiten dietela eta "administrazio publikoen desprestigioa" dakartela gaineratu du legebiltzarkideak.

Kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren lehenengo erreakzioa izan zela "dena ukatzea" eta "salaketa egin zutenen kontra jotzea; gaur, ordea, frogen ebidentzia ikusita, errua onartu behar izan dute". Osakidetzako eredua bera zalantzan dagoela azpimarratu du Uberak, "praktika irregularrak ahalbidetzen dituen eredua" baita.

ELA: "Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera konplizea salatu nahi dugu"

Bestalde, ELA sindikatuak jakinarazi du berarentzat ere ez dela nahikoa Osakidetzak EPEa hiru kategoriatan etetea; "izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak ondo asko baitaki beste kategoria askotan ere badaudela irregulartasun susmoak; ikerketa sakona hasi beharko litzateke eta sendagileen kategoria guztietako hautapen prozesua eten, gertatu dena argitu eta beharrezko neurriak hartu bitartean".

Sindikatuak "Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera konplizea" salatu du: "Ez dauka gertatu dena argitzeko inolako borondaterik. Horren adierazgarri, atzo arte EPEari buruzko datu guztiak ikusgai zeuden Osakidetzaren webgunean. Haatik, orain Osakidetzak erabaki du ez direla publikoak izango eta soilik gako eta pasahitzarekin ikusi ahal izango direla. Erabili duten aitzakia, datuen babesa. Noski, emaitzak publikoak izateak egin du posible espezialitate medikuetako azterketetan gertatu dena salatzeko datuak eskuratzea, eta orain Osakidetzak hautapen prozesua opakua bihurtzen du, horrela gertakariak argitzea eragozten duelarik".