argia.eus
INPRIMATU
Iruzur fiskalaren aurka egiteagatik, Applek auzitegietara eraman du Attac
  • Attac, globalizazioaren aurkako mugimendua, auzitegietara eraman du Applek, Europar Batasunak ezarritako 13.000 milioi euroko isuna ordaintzea eskatzeagatik.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 04a
Arg: @attac

Abuztuaren 30ean 13.000 milioi euroko isuna ezarri zion Europako Batzordeak teknologiaren alorreko multinazionalari. Irlandan jasotako legez kanpoko laguntzak zirela eta ezarri zioten isuna. Orain, globalizazioaren aurkako Attac mugimenduak zor duen isuna ordaindu dezan eskatuz, hainbat ekintza egin ditu Frantziako Appleren dendetan.

Abenduan zehar, Applen dendetan sartu eta protesta baketsuak egin zituzten Attaceko kideek. Mugimendutik adierazi dute, ekintza horiek egiten jarraituko dutela, multinazionalak isuna ordaindu bitartean. Multinazionalak berriz, auzitegietara joz erantzun du.

Iruzur fiskalaren aurka egin duen mugimenduari, Applen dendetan sartzea debekatu nahi dio auzitegien bidez multinazionalak. Horixe baita epaileari eskatu diona, baldin eta, Attaceko kideak dendaren batera sartuko balira 150.000 euroko isuna ezarri diezaiela.

Elkarteko abokatuaren arabera, enpresaren eskariak “guztiz neurrigabeak dira”. Adierazpen askatasunaren, manifestaziorako eskubidearen eta Europako Giza Eskubideen hitzarmenaren aurka egiten baitu zuzenean.