Txosten tekniko batek udalerrian izango dituen eragin larriez ohartarazi ostean, Iruraiz-Gaunako Udala proiektuaren aurka agertu da eta alegazioak aurkeztea erabaki dute udal taldeek.
Araba zeharkatuko duen goi tentsioko linea elektrikoaren aurka agertu da Iruraiz-Gaunako Udala. EAJ-PNV eta EH Bilduko udal taldeek alegazioak aurkeztea erabaki dute astearteko osoko bilkuran eta Madrilgo Gobernuari proiektua egin ez dezala eskatuko diote. Izan ere, udalak egindako txosten teknikoaren arabera, linea elektrikoak "eragin handia izango du eskualde osoan, landaredian, faunan, biztanlerian, sektore soziekonomikoan eta, oro har, paisaian".
Goi tentsioko linea horrek Arabako lautadako 40 bat kilometro zeharkatuko ditu. Iruraiz-Gaunako kasuan goi tentsioko 72 metroko hemezortzi dorre jartzea planteatzen da, onura publikoko mendiak zeharkatuko dituen eremu batean, Iruraiz-Gaunako EH Bilduk azaldu duenez. Gainera, Arrieta herritik oso gertu egongo da azpiegitura, 500 metro baino gutxiagora.
Udalak egindako Ingurumen Inpaktuko Txostenak eragin "oso larriak" jasotzen ditu fauna, flora eta paisaiari dagokionean.
-Batetik, hegazti migratzaileen pasabideei eta arriskuan dauden espezieen habiaratze-eremuei eragingo die (sai zuria eta ugatza, adibidez).
-Bestetik, korridore ekologikoa da eremua, eta paisaiaren kalitateari modu "onartezinean" eragingo lioke.
-Gainera, sute arriskua, ibaibideetan izango lukeen eragina, lehendik dauden beste azpiegitura batzuen gaineko afekzioa, eta inguruko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategientzako kalteak ere aipatzen ditu txostenak.
-Azkenik, txostenak jasotzen duenez, zarata eta erradiakzio elekromagnetikoa ere eragingo dira.