Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta bilerara, eta horietako askok udalari eskatu dio bilera atzeratzeko, “urtetan luzatutako egoera” baten isla baino ez delako ekitaldian gertaturikoa, eta gaiari sakon eta patxadaz heldu nahi diotelako.
35 elkartek Gabonetako ekitaldi elebakarra salatu ostean, astelehenean mezua bidali zien udalak, asteazkenerako bilera batera deituz, baina tempoak aldatu eta bilera atzeratzeko eskatu du elkarte ugarik: “Bide luzea dugu egiteko, eta horregatik, urtetan luzatutako egoera zuzentzeko premia ikusten dugun arren, ez dugu presaz egin nahi, ongi baizik”. Denbora behar da hitz egin beharrekoak prestatzeko eta bilerara denek joan ahal izango dutela ziurtatzeko, adierazi dio ARGIAri bilerara deitua izan den Txingudi ikastetxeko guraso elkarteko kide batek: “Gu ez goaz piztuera ekitaldiaz hitz egitera, hori da haserrea eztandarazi duena, baina egoera orokorrago baten isla da, eta horretaz nahi dugu hitz egin, udal honek euskaldunekiko duen jarreraz”.
Guraso honen hitzetan, “txinparta txikia nahikoa izan da mota honetako sugarra pizteko: askok barruan daramagun haserrearen adierazlea izan da. Udalak jabetu behar du Irunen badela euskararen alde egiten duen komunitate sendoa, udalak duen dinamikarekin haserre dagoena, eta ohartu behar du kontuan hartu behar gaituela, ezin diela euskarari eta euskaldunei ezikusiarena egin”.
"Udalak jabetu behar du Irunen badela euskararen alde egiten duen komunitate sendoa, udalak duen dinamikarekin haserre dagoena, eta ohartu behar du kontuan hartu behar gaituela"
Adierazpena ere kaleratu du udalak: barkamena eskatu du "euskararen presentzia eskasarengatik argiztapen ekitaldian" eta "konpromisoa hartzen du lanean jarraitzeko berriro gertatu ez dadin". Oharrak itxurakeriatik zenbat ote duen galdetu dio bere buruari elkarrizketatu dugun gurasoak. “Ekitaldi horretan ohiko moduan jokatu du udalak euskararekiko, baina oraingoan ahotsa altxatu dugunez, adierazpena egin du eta hori da errazena. Hitz horiek benetako balioa izan dezaten, aldaketa sakonak behar ditugu Irunen”.
Olatuak batu ditu Irungo elkarte euskaltzaleak
Hiri handia da Irun, eta aipatu txinpartak “aukera eman du euskararen biziberritzearekin kezkatuta dauden elkarte eta taldeak elkarrekin bidea egiten hasteko”. Aktibatu, saretu eta indarrak batzeko balio behar luke honek guztiak, dio.
Udalari dagokionean berriz, zer eragin behar luke suspertu den mugimendu honek? “Lehenik, jarrera aldaketa bat lortu behar da, eta horren ostean hitz egin ahalko dugu neurriez eta konpromisoez”, iritzi dio gurasoak.