José Antonio Santano Irungo alkateak, Xabier Iridoy Hirigintza zinegotzia udal taldetik kanporatu ostean sortu da zalaparta. Gipuzkoako bigarren udalerririk handienean paktua hautsitzat emand u EAJk. Momentuz bi alderdien arteko krisia lokala dela azpimarratu dute.
2015eko maiatzaren 25eko udal eta foru hauteskundeen ostean, akordio globala izenpetu zuten EAJk eta PSEk. Ordura arte EH Bilduren esku zeuden instituzio ugari jeltzale edo sozialisten eskuetara pasa ziren. Herri bakoitzari, tokian tokiko akordioak erdiesteko aukera eskaini zieten bi alderdiek, nahiz eta gehienetan biko akordioarekin jarraitu zuten.
Urtebete pasatxo falta da 2019ko maiatzean izango diren udal hauteskundeetarako eta alderdiak hasiak dira motorrak prestatzen. Gipuzkoako bigarren udalerririk handienean EAJ-PSE ituna hausteak momentuz ez du albo eraginik izan biko akordio globalean, nahiz eta bi alderdiek elkarri bota dioten akordioa kolokan jarri izanaren ardura.
EAJk, esaterako, Irungo alkate José Antonio Santanori egotzi dio errua. “Ez daki taldean lan egiten, ez zaio gustatzen hiriarentzat onak diren albisteak beste batzuek ematea”, adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko kideak.
Santanok berriz “konfiantza guztia galdu” duela eta horregatik kargugabetu duela argudiatu du asteartean PSEko gainontzeko zinegotziekin batera egindako prentsaurrekoan. Hamar zinegotzi ditu PSEk eta bost EAJk, guztira 25 eserleku daude Irunen.
“Irungo akordioa ez zen goitik etorritako akordioa izan, hiriarentzat onena nahi genuelako egin genuen, horregatik Gaintxurizketatik kanpora ez luke eragin behar”, adierazi du alkateak. Gipuzkoa Buru Batzarra ere asteartean elkartu zen eta “momentuz”, krisi lokala dela azpimarratu dute jeltzaleek.