argia.eus
INPRIMATU
Irungo Udalak Pikoketan fusilatutako emakumeen argazki argitaragabe bat berreskuratu du
  • Gazte Komunistetako afiliatuak ziren Mercedes (Mertxe) López Cotarelo eta Pilar Valles Vicuña, 16 eta 18 urtekoak hurrenez hurren. Irungo frontean lehenengo lerroan borrokatu zuten lehenengo bi emakumeak izan ziren, baita fusilatuak izan ziren lehenengoak ere.

Irunero 2021eko abenduaren 01a

85 urte geroago, Irungo Udalak Pikoketan fusilatutako emakumeen argazki argitaragabe bat berreskuratu du. Hainbat ikerlan egin dira Pikoketan gertatutakoari buruz, baina, orain arte, ez zegoen bi irundar gazteen aurpegia ikusterik. Hain zuzen ere, Mercedes (Mertxe) López Cotarelo eta Pilar Valles Vicuña ziren, 16 eta 18 urtekoak hurrenez hurren.

Mertxe zein Pilar, Gazte Komunistetako afiliatuak, Irungo frontean lehenengo lerroan borrokatu ziren lehenengo bi emakumeak izan ziren, baita fusilatuak izan ziren lehenengoak ere.

Astelehen honetan emandako prentsaurreko batean, Irungo Udaleko Memoria Historikorako ordezkari Santi Jiménezek haien irudia ezagutarazi du, zeina udal webgunean ikus daitekeen, www.irun.org helbidean. Ordezkariak nabarmendu nahi izan du «berriki irekitako Memoria Historikoaren Bulegoak egiten duen lana; izan ere, gerraren eta diktadura frankistaren biktimen alorrean Udalak egin duen apustu handi bat da bulego hori».

Bestalde, aipatzekoak dira 1936 eta 1945. urteen arteko biktimen datu-basea sortzeko ikerketan lortzen ari diren emaitzak ere. Orain arte, 3.100 pertsona baino gehiagoren izenak jaso dira erregistro batean, 1939 eta 1942. urteen artean Irungo kontzentrazio-esparrutik pasatu ziren 1.760 pertsonak kontuan hartu gabe.

Mertxe López Cotarelo eta Pilar Valles Vicuña. Argazkia: Irungo Udala

85 urte

1936ko abuztuaren 11n, asteartearekin, Irungo Gazte Komunisten garnizio txiki bat, zenbait karabinerorekin batera, Pikoketa baserriaren inguruan zegoen, arma laburrak eta metrailadore bat eskuetan. Beorlegui teniente koronelaren zutabeak ustekabean harrapatu zuen, laino sarria eta goizeko lehenengo ordua izaki, eta bertan zeuden guztiak armetan iragan zituen; guztira, hamahiru lagun, izen-abizenak dituztenak.

Pikoketako gertakarietatik 40 urtera, 1936an fusilatutakoen gorpuak berreskuratu ziren, eta, 85 urte geroago, “Irungo Udala memoria historikoaren esparruan egiten ari den lanari esker, egiaranzko eta biktimen aitorpeneranzko beste pauso txiki bat ematea lortu dugu, Mercedesen eta Pilarren erregistro fotografiko bakarra berreskuratuta. Horrela, egiaranzko eta biktima guztien aitorpeneranzko beste pauso bat eman dugu”, adierazi du Santi Jiménezek.