Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak salatu du antolakuntzatik esan zietela hitzaldian gazteleraz hitz egin beharko zutela, "arrazoi politikoengatik". Hizkuntz Eskubideen Behatokiak "oso larritzat" jo du gertatutakoa.
Irunen antolatutako memoria historikoko jardunaldietan hizlariei gazteleraz hitz egiteko esan zien Udalak. Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak salatu du antolakuntzatik mezu bat jaso zutela, esanez "arrazoi politikoengatik" gaztelania hutsean hitz egin beharko zutela. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak "oso larritzat" jo du gertatutakoa.
Otsailaren 28tik martxoaren 2ra bitartean Irungo Udalak "Memoria Demokratikoari buruzko Estatu Mailako Biltzarra" egin du, Ficoba eta EHUren laguntzarekin. Hiru egun horietan hainbat hitzaldi antolatu dituzte, zenbait adituren eskutik. Horien artean, Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hartu zuen hitza. Elkarteko kideek azaldu dutenez, horrelako jardunaldietan euskara eta gaztelania erabiltzen dituzte. Hortaz, antolakuntzak bestela agindu bazien ere, Irunen ere bi hizkuntzetan egin zuten, eta udalaren jarrera salatu zuten eszenatokitik.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu du herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea erakunde publikoek debekatzea "herritarren oinarrizko eskubideen kontrakoa" dela, eta ez zutela kontuan hartu jardunaldi horietan landu zen errepresio frankistak "euskararen eta euskal hiztunen aurka egindako guztia". Gaineratu du arrazoi politikoengatik gaztelania erabili behar dela esatea "eskubide demokratikoen zapalketa" eta "EAEko erakunde publikoek hizkuntza eskubideekiko dituzten lege-betebeharrak kontuan ez izatea" dela.
Horregatik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak arduradunei erantzukizunak eskatu dizkiete, aurrerantzean horrelako jardunaldietan hizkuntza eskubideen errespetu eta aitortzak duen garrantziagatik.