argia.eus
INPRIMATU
Irungo Udalak ez ditzan 47 zuhaitz moztu, borrokan jarraitzen dute bizilagunek
  • Iazko haize bortitzen ondorioz Irungo Artia auzoan hiru zuhaitz erori zirela-eta, kale horretako beste 47 ezki moztu nahi ditu Udalak, baina erabakia “guztiz desorekatua” dela eta alternatibak badirela sinetsita daude bizilagunak. “Zuhaitz hauek sasoi onean daude eta auzorako onuragarriak dira”, diote.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko ekainaren 09a
Argazkia: Artiako Lagunak

“Errepideko kutsadura xurgatu eta autoen bista eta zarata kentzen digute, balio paisajistiko handia dute, eta adreiluz eta zementuz beteriko gure auzoari berdegunea ematen diote”, aldarrikatu dute herritarrek. Bidasoa ibaiaren aurreko kalean daude ezkiak, babespean dagoen Txingudiko Plaiaundi paduraren ondoan. Plaiaundi Hegaztien Babes Bereziko Eremua dela gogoratu dute bizilagunek: “Gipuzkoako bakarra da, eta oso gune berezia da babestutako hegaztiek Pirinioen mendebaldeko muturretik egiten dituzten migrazio-prozesuetan”. Horretan ere zuhaitzak lagungarri direla azaldu dute.

Moztu ordez, egonkortu zuhaitzak

Ingurumena kaltetu gabe bestelako neurriak hartu daitezkeela dio Artiako Lagunak elkarteak, hala nola zuhaitzak egoki kimatuz (“orain arte egin ez dena”) eta zuhaitzak egonkortzeko moduak ezarriz, haizeak bota ez ditzan.

Ezkiak moztea ez bestelako aukerak jasoko dituen bigarren txosten bat egiteko eskatu diote Udalari, eta hori lortzeko borrokan segitzen dute auzotarrek. Ekimena babesteko sinadura bilketa abiatu dute eta joan den asteburuan bertan Elkartasunaren Zuhaitza landatu zuten auzoan, aldarrikapen sinbolikoa eginez.