Hurrengo edizioetarako aldibereko itzulpena izango duela adierazi dute Memoria Zerbitzuko arduradunek. Jardunaldietan parte hartzaileei gazteleraz hitz egiteko agindu ziela salatu zuten Kepa Ordoki elkarteak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.
Irungo Udaleko Memoria Zerbitzuak barkamena eskatu die memoria historikoaren jardunaldietan "beren hizkuntz eskubideak errespetatuak izan ez zirela uste dutenei". Zerbitzuko arduradunek azaldu dute gaztelaniari eman zitzaiola lehentasuna, eta ez zela euskarazko aldibereko itzulpenik izan. Hurrengo edizioetarako "hutsegitea zuzenduko dutela" adierazi dute, aldibereko itzulpena eskainiz.
Otsailaren 28tik martxoaren 2ra bitartean "Memoria Demokratikoari buruzko Estatu Mailako Biltzarra" egin du Irungo Udalak, Ficoba eta EHUren laguntzarekin. Bertan parte hartu zuen Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, eta salatu zuen antolakuntzatik mezu bat jaso zutela hitzaldia gazteleraz eman beharko zutela esanez, "arrazoi politikoengatik". Memoria historikoko elkarteak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak udalaren jarrera salatu zuten, hizkuntz eskubideak zapaltzeagatik.