Joan den astean ohartarazi zuen ARGIAk Irungo parke batek Manuel Estombaren izena zuela. Derioko seminarioan sexu-abusuak egin zizkien adingabeei, hedabide honek argitara emandako lekukoen arabera.
Irungo udaleko kaleen batzordean eskaera formala erregistratu du hiri horretako EH Bilduk, Manuel Estomba parkeari izena aldatzeko, “sexu-gehiegikeriei lotuta agertzen delako”. Biktimen testigantzek ARGIAn azaldu dutenez, Irunen jaiotako apaizak abusuak egin zizkien Derioko seminarioko zuzendari espiritual karguan egon zenean. Bere bulegoan zakila aterarazi eta ukituak egiten zizkien ikasle nerabeei, “higiene genitala” aipatuz. Bilboko Gotzaindegiak aitortu egin du hala izan zela.
EH Bilduren ustez “Irungo kale edo parkeek ezin dute adingabeei sexu gehiegikeriak praktikatu dizkieten pertsonen izenak jaso” eta horregatik afera horri lehenbailehen heltzeko eskatu du, “gehienbat sexu gehiegikeri hauek jasan dituztenengatik, baina baita Irundar guztion onurarako ere”.
Duela astebete ohartarazi zuen hedabide honek Irungo parke batek pederastia kasuari loturiko apaizaren izena zeramala. Zehazki, 1985ean onartu zuen udalak izen hori jartzea. Manuel Estombak hainbat liburu idatzi zituen euskaraz eta Derion irakasten egon ondoren misioetara bidali zuten Hego Amerikara. Ekuadorreko Machala hirian ere beste kale batek bere izena dauka.