Irungo inauterietako kartel lehiaketa irabazi duen gizonak adimen artifizial bidez sortu du irudia, ziurtatu du Luis Doviso diseinatzaileak: “Iruzur egin du, bere burua egiletzat aurkeztu duen pertsonak ez duelako kartela egin, makina batek baizik”. Jakin gabe, udalak saritu du sistema informatiko batek automatikoki sorturiko lana, eta ez “ilustratzailearen talentua, trebezia eta ahalegina”.
Rubén Lucas García diseinatzaile grafikoak 600 euro lortu ditu, kartel lehiaketa irabazteagatik, baina kartela adimen artifizial bidezko irudien muntaia dela dio Dovisok, eta hiru arrazoi eman dizkio ARGIAri: batetik, gaur egun oraindik begiz antzeman daiteke irudia adimen artifizialak egina dela, irudiaren kutsuagatik, jarraitzen duen estilo eta patroiagatik; “adimen artifiziala garatu ahala gerora agian ez, baina oraindik sumatzen da”. Bigarrenik, adimen artifiziala den ala ez berresten dizuten webguneek diote irudia adimen artifizial bidez egina dela, “nahiz eta web hauek ez diren beti fidagarriak, positibo faltsuak ere ematen dituzte”. Eta hirugarrenik, Rubén Lucas irabazlearen ibilbidea jarraituz gero (halako lehiaketetara aurkezten urteak daramatza), Dovisoren arabera garbi geratzen da ez zuela aurrez ilustraziorako maila horretako doairik erakutsi: “Ilustratzailea bazara, urtez urte zure abileziak, estiloa, eboluzioa... ikusten dira zure irudietan, baina kasu honetan bat-batekoa da”.
Adimen artifizial bidez sorturiko kartela aurkeztea "tristea eta iruzurtia" iruditzen zaio adituari, halako lehiaketa batek ilustratzailearen talentua, ahalegina eta abildadeak neurtu beharko lituzkeelakoan, “baina udala ez da enteratu ere egin, atzean adimen artifiziala dagoenik”. Dovisoren hitzetan, “arazoa da gizakiari egoztea makinak egin duena, ez zarelako adimen artifiziala darabilen artista, botoia sakatzen baino ez zara ari”. Izatekotan, autore asko daude irudi horren atzean, adimen artifiziala ari delako aurrez ilustratzaile andanak egindako materiala hartzen eta birproduzitzen, “baimenik gabe”, gogoratu du diseinatzaileak.
"Uneotan adimen artifiziala zerbait berria da eta denak liluratuta gauzka, baina azkenean aspertu egingo gara eta gizakiek egindako ilustrazioek balio gehigarria izango dute"
Kontuak kontu, Irungo lehiaketaren oinarrietan ez du jartzen AA erabili ezin daitekeenik, oraingoz behintzat ez. Han-hemenka sortu diren polemikak ikusita, beharbada hasiko dira halako oharrak gehitzen. Adimen artifiziala erabiliz egindako irudiak publizitatean eta esku-orrietan agertu direnean ere, ika-mika sortu izan da, hori egin duten markek presio herritarra jasan dute eta askotan irudia ezabatzen bukatu dute.
Adimen artifizialaren ondorioak ilustrazio munduan
ARGIAko diseinatzaile eta ilustratzaile Maitane Gartziandiaren esanetan, "adimen artifizialak interesgarriena jaten du, sormen prozesua, eta estilo jakin batera eramaten ditu irudi guztiak, homogeneizatu egiten ditu".
Dovisonek gogoratu du disrupzio teknologikoa behin baino gehiagotan bizi izan dugula historian, eta iraultza industriala jarri du adibide: “Artisautzak bere burua berrasmatu behar izan zuen eta oraingoan ere gauza bera gertatuko dela pentsatu nahi nuke, uneotan adimen artifiziala zerbait berria delako eta denak liluratuta gauzkalako, baina azkenean aspertu egingo gara eta gizakiek egindako ilustrazioek balio gehigarria izango dute, batez ere arlo estetiko eta artistikoan. Historiara jotzen badugu, ilustraziogintza berrasmatu egingo da, gizakiak sorturikoa aldarrikatzera bueltatuko gara”.