argia.eus
INPRIMATU
Irungo Harrera Sareak mila migratzaile inguru jaso ditu udan
  • Beste herrialde batera heltzeko bidean ziren mila pertsona artatu dituzte Irunen, gehienak afrikarrak. Pertsona horiek jasotzeko hainbat “irregulartasun” izan direla nabarmendu eta konfinamenduaren ondotik "migratzaileen egoera okertu egin dela" salatu dute Harrera Elkartekoek.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 18a

Irungo Harrera Sareak (IHS) dioenez, uda honetan mila migratzailetik gora artatu ditu, afrikarrak gehienak. Ginea, Mali eta Boli Kostakoak dira, eta gutxi batzuk, aldiz, Kamerun, Senegal eta Nigerrekoak. Bakarrik datorren gizon gaztea da ohikoena, baina baita bada bakarrik edo haur txikiekin datozen zenbait emakume ere.

Gehienak Kanariar uharteak dituzte pasabide nagusi, eta IHSk adierazi duenez, “Afrikako migrazio-bideak aldakorrak dira Espainiak eta Marokok zirkulazio askatasuna oztopatzeko egiten duten presio militarraren arabera”.

IHSk udako hilabeteetan “irregulartasunak” identifikatu ditu Irungo harrera dispositibora sartzeko. “Ez dago irizpide koherenterik eta dispositiboa erdi hutsik egonik ere, migratzaile askori ez zaie aterpetxean sartzen utzi”, kexatu dira

Hori ez ezik, konfinamenduaren ostean migratzaileen egoera “okertu egin dela” salatu dute. “Pertsona askok esan digu, hainbat arrazoi bitarteko, ez dietela Irungo aterpetxean sartzen utzi. Egoera hau are larriagoa da konfinamendua amaitu zenetik aterpetxean ia beti lekua egon dela kontuan hartuta. Hau da, hainbat migratzaile diskriminatu dira eta errekurtsoa ez da behar bezala erabili, diru publikoa modu desegokian xahutuz”.