argia.eus
INPRIMATU
Irungo Harrera Sareak migratzaileentzako zirkulazio librea eskatuko du urtarrilaren 26ko manifestazioan
  • 26 larunbata, Irungo Ficoba eraikin paretik aterako da manifestazioa eta Hendaiako erretentzio zentroko komisaldegi aurrera joango da. Irungo udaletxe aurrean amaituko da manifestazioa.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 22a
Irungo Harrera Sarea, urtarrilaren 26ko manifestazioa aurkezten.

Irungo Harrera Sareak bi aldarrikapen nagusi ditu manifestazioari begira. Batetik, pertsona guztientzako zirkulazio librea eskatuko du, Europako legeria eta nazioarteko itunak aplikatzea exijituko du. Bestetik, erakundeei eskatuko die harrera duina eta integrala egin diezaieten Euskal Herrian gelditu eta bertatik igarotzen diren migratzaileei. Harrera Sareak harrera eta solidaritate herrialdea garela erakutsi nahi du, arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko prest dagoen gizartea dela gurea.

Harrera Sareak azken sei hilabeteetan 5.500 pertsonari egin dio harrera. Sarearen iritziz, migratzaileak gero eta gehiago datoz Euskal Herrira, beste bide batzuk itxi zaizkielako. Egoera ez da berria, eta egiturazkoa da, ez da desagertuko den errealitatea.

Manifestazioa “Euskal Herria #HarreraHerria” lelopean egingo da. 2.300 pertsona eta elkartek egin dute bat aldarrikapenarekin.