argia.eus
INPRIMATU
Jai egunak poliziei atxiloketen truk
Irungo Harrera Sarea: “Segurtasun-indarren arrazakeria legitimizatzen da halako neurriekin”
  • SOS Arrazakeriak, bestalde, "arrazakeria instituzionala" salatu eta soilik espedientea zabaldu izana "aurpegia garbitzea" dela nabarmendu du, Irungo Espainiako Poliziaren komisarian hartu nahi ziren neurrien harira.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko ekainaren 08a
Irungo Harrera Sarearen manifestazio bat. (Argazkia: Gari Garaialde / Bostok Photo)

Irungo Harrera Sareak "harriduraz eta kezka handiz" hartu du migratzaileak "ehizatzeagatik" poliziei emandako sarien berria, eta Espainiako Poliziari eskatu dio gertakarien erantzukizunak berehala argitzeko eta beharrezko dimisio guztiak emateko. Funtsean, Irunen hartu nahi ziren neurriei "aktiboki erantzuteko" exijitu du kolektiboak.

Bide batez, gogorarazi du Irun migrazio-bide eta helmuga naturala izan dela historian zehar, eta gaur egun ere badela: "Irun migrazioarekin osatu da, eta gure familiek 1936an faxistei ihesi, bizitzak salbatzeko Hendaiara hartu zuten bide bera da. Bizitza haiek balio handiagoa zuten zuriak zirelako?".

SOS Arrazakeria: "Espainiako Gobernuarentzat arazoa da publiko egin dela"

"Ehiza-txapelketa bat balitz bezala, (Espainiako) Barne Ministerioak sariak ezartzen ditu atxilotutako migratzaileen truke, eta hori ez da Poliziaren jardunean inoiz ikusi ez den zerbait", nabarmendu du SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeak. "Horren froga da tokiko buruzagiak sinatzen duela agindua". Arazoa Espainiako Gobernuarentzat neurria publiko egin delako larriagotu dela dio: "Horregatik ireki zaio espedientea, eta hori aurpegi-garbiketa baino ez da".

Horrez gain, oroitarazi dute Ceutan eta Melillan gertatzen dena: "Hesi horietan modu batean jokatzen da, ildo horretako irizpideetan oinarrituta, eta, gero, iritzi publikoaren aurrean, ukatu eta asmatu egiten dira Poliziaren jardunari buruzko bertsio edulkoratuak".

LAB sindikatua: "Borondate politikoa falta da praktika horiek amaitzeko"

Adierazpen instituzionalak "hutsak" direla nabarmenduta, "soberan" daudela gaineratu eta "benetako borondate politikoa" falta dela azpimarratu du LAB sindikatu abertzaleak: "Izan ere, ez dira banakako kasuak, botere publikoek emandako zigorgabetasunean babesten direnak baizik".

Era berean, muga berriro ireki beharra azpimarratu du, behingoz amaitzeko "profil etniko edo politikoagatiko zein arrazagatiko kontrolak nahiz berehalako kaleratzeak". Bukatzeko, beste eskaera bat ere bai: Espainiako Poliziak "behingoz" utz dezala Euskal Herria.