Irungo euskaldunen pazientziak gainezka egin du; haserre daude eta oraingoan ez dira "isilik geratuko". Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsean egin izanak hiriko 35 elkarte eraman ditu udalaren hizkuntza politika salatzera –aurrekari gutxi izango ditu gisa honetako atxikimendu andanak Irunen–. Horren ostean, udalak barkamena eskatu eta bilerara deitu ditu elkarteak.
Eta Euskararen Egunaren biharamunean, la Navidad artikuluan eman genuen ekitaldi erdaldun elebakarraren berri. Gaia bor-bor ibili da asteburuan Irunen, eta batzuek eta besteek zuten sentimendua askok partekatua dela ikusi dute: "Beste behin ere Irungo Udalak ezikusiarena egin digu euskaldunoi". Hala dio igande honetan publiko egin duten idatziak. Irungo gizarte, kultura eta kirol munduko 35 elkarte batu dira salaketara, tartean baita auzo elkarteak eta ikastetxeetako guraso elkarteak ere.
“Euskara ikusezin” egiteagatik ernegatuta, “mezu hau izenpetzen dugunok salaketa publikoa egitea erabaki dugu, Irungo Udalari aski dela esateko, eta hemendik aurrera ez garela isilik geratuko jakinarazteko, behingoz euskaldunoi muzin egiteari utz diezaion. Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu!”. Irundar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko exijitu diote udalari.
Sinatzaileen artean daude zazpi guraso elkarte (Txingudi, Toki Alai, Dunboa, Elatzeta, Hirubide, Eguzkitza, Lekaenea), Bidasoako AEK, Betti Gotti, Euskal Jira, Txorimaloak soinu taldea, Aitzondo euskara elkartea, Auntxa trikitixa eskola, Kemen dantza taldea, Irunabar bertso elkartea, EKT, Burrunba Elektrotxaranga, Parean berdintasun elkartea, Bor-bor hausnarketa kolektiboa, Gaurko Andreak, BDSKoop, Antxeta Irratia, Atxiki pilota eskola, Lur Alai squash kluba, Txingudi Rugby Club, Erlaitz mendi elkartea, eta bederatzi auzo elkarte (Larreaundi-Olaberria, Alde Zaharra, Erdigunea, Landetxa, Arbesko Errota, Meaka-Ibarla, San Migel, Urdanibia Berri eta Arbes).
Udalak herritarren eskariak jasotzeko duen plataformara kexak helarazi dituzte irundarrek. Denetan, salaketa bera errepikatu dute: euskara, euskaldunak eta euskal kultura baztertu izana
Beste ekimen bat ere asko zabaldu da asteburuan: udalak herritarren eskariak jasotzeko duen plataformara kexak helarazi dituzte irundarrek. Denetan, salaketa bera errepikatu dute: Gabonen inaugurazioan euskara, euskaldunak eta euskal kultura baztertu izana. “Euskarari egindako mespretxua” eta “nor bere etxean arrotz sentitzea” leporatu diote Cristina Laborda alkateari. “Euskarak eta herritarrok merezi dugun tratua noizbait eta behingoz” emateko eskatu diote.
Udalaren erantzuna
Indarra hartu duen mugimendua ez da makala, eta presioak akuilatuta, erantzun bat ematera behartuta ikusi du bere burua PSOEren udal gobernuak. Barkamena eskatu du "euskararen presentzia eskasarengatik argiztapen ekitaldian zehar" eta "konpromisoa hartzen du lanean jarraitzeko berriro gertatu ez dadin". Horrez gain, datorren asteazken arratsalderako deitu ditu elkarte sinatzaileak, udaletxean bertan. Ikusi beharko da udalak zer duen esateko, eta eragileek nola baliatuko duten aukera, berpiztu den mugimendu euskaltzalearen izenean udalari konpromisoak eta benetako neurri eraginkorrak eskatzeko.
Izan duen oihartzuna medio, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak adibidez adierazi du onartezina dela Irunen jazotakoa.
Udalean oposizioan den EH Bilduk ere kritikatu du “udal gobernuak euskararekiko duen konpromiso eza”. Alderdi politikoaren hitzetan, “udaletik antolatzen diren ekimenetan euskararen zainketa minimorik ez da egiten, eta euskaldunak, berriro ere, bigarren mailako hiritar sentitu behar gara gure etxean. Lotsagarria eta onartezina”. EAJk ere kexa formala aurkeztu du.