argia.eus
INPRIMATU
“Irungo emakumeak plazara!” dokumentalaren estreinaldia eta paseo historikoa antolatu dituzte
  • Garaiko talde onenetan aritutako emakume futbolaria, lan baldintza duinak eskatzeko altxatu ziren poxpolo-egileak, emakumeek ikasi ahal izateko borroka egin zuen irundarra, Irun-Donostiako joan-etorria oinez egiten zuten mandatugileak... lehen planora ekarri ditu Irungo emakumeak plazara! dokumentalak (behean trailerra). Ibilaldi gidatua ere antolatu dute hirian barna.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko otsailaren 13a

Dokumentala egiteko, Mertxe Tranche historialari irundarra ezinbesteko bidelagun izan du Parean elkarteak. Hain juxtu, historialaria bera izango da paseo historikoa gidatuko duena: dokumentalean ageri diren emakumeak gertutik ezagutzeko aukera emango du ibilaldiak.

Dokumentala otsailaren 21ean emango dute, arratsaldeko 19:00etan Irungo Oiasso museoan. Kontziliazioan laguntzeko asmoz, haurtxokoa egongo da bertan. Paseoa martxoaren 16an izango da eta Irungo San Joan plazatik abiatuko da, 11:00etan. Zazpi ikastetxetan, hiru hilabetez emakume bana landu dute Lehen Hezkuntzako ikasleek eta beraien ekarpenak ere leku berezia izango dute paseoan zehar.

Dokumentalaren protagonistak

Dokumentalak jasotzen ditu Irun eta Donostia arteko joan-etorria oinez egiten zuten mandatugileak, bereziki borrokalariak izan ziren poxpolo-egileak, Vicenta Olazabal Irungo eraldaketa urbanistikoan zeresan handia izan zuen emakumea, Dolores Salis eskultorea, Menchu Gal margolaria, Leire Landa futbolaria eta emakumeek ikasteko duten eskubidearen alde borroka egin zuen Julia Iruretagoiena.

Parean elkarteak berdintasunaren alde egiten du lan eta besteak beste Asun Casasola ipuin lehiaketa ere martxan du.