argia.eus
INPRIMATU
Irungo alkatetza, EAJ eta PSEren arteko itunean pinporta
  • Xabier Iridoi zerrendaburu jeltzaleak bere burua hautagai ikusten du Irungo alkate izateko. Horrek PSE-EEren haserrea eragin du eta Irungo alkatetza haientzat izatea jeltzaleekin ituna osatzeko baldintzen artean ezarri dute sozialistek.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 07a

Jose Antonio Santano PSEko hautagaia izan zen bozkatuena azken hauteskundeetan, baina alkatea hautatzeko udal batzarra egiteko aste baten faltan, jarduneko alkateak ez du karguan berritzea erabat ziurtatua.

Ekainaren 3an EAJko Euskadi Buru Batzarrak PSE-EErekin elkarrizketak hasi zituen udal eta foru erakundeetan akordioak osatzeko. Jeltzaleen Irungo zerrendaburu Xabier Iridoiren ustez, iragan astelehenean PSErekin aliantzak egiteko erabakia, “modu orokorrean” hartu zuen Euskadi Buru Batzarrak. Azken berrien arabera, Iridoiren irakurketa ez da guztiz okerra. Izan ere, jeltzale irundarrak hartu duen jarrerak EAJ eta PSEren arteko elkarrizketak baldintzatu ditu.

Azken hauteskundeen ostean, PSEk hamar zinegotzi ditu, EAJk zazpi, Elkarrekin Podemosek lau, EH Bilduk hiru eta bat PPk. Itxura batez, EAJ eta Podemosen arteko akordio batek bideratu lezake Iridoiren alkatetza. Hori PP abstentzioarekin. Edonola ere, egonkortasuna bermatzeko logikoena litzateke EAJ, Elkarrekin eta EH Bilduk gobernua osatzea.

Horiek horrela, inork ez du ukatzen tripartitu horrek legealdia bururaino eramateko izanen dituen zailtasunak. Izan ere, hirigintza da etorkizun hurbilean Irungo politikaren ardatz eta oinarria.

Hain zuzen ere, iragan legealdiko hirigintzako politika izan zen Santanoren eta Iridoiren arteko harremanak apurtzeko arrazoi nagusia. Sozialistek eta jeltzaleek osatzen zuten udal gobernua, alabaina, Santano alkateak Iridoi zinegotzia kanporatu zuen hirigintza sailetik.

Ekainaren 15ean izanen dira udalak osatzeko eta alkateak aukeratzeko bilkurak. Irunen baina, orain arte ez dago argi zein alderdik gobernatuko duen. PSEren eta EAJren arteko EAE mailako itunean lekua izango du afera honek.