Irugo alarde parekidearen aldeko borrokaren 25. urtemuga gogoratzeko "historiaren paseo" interaktiboa sortu du Parean elkarteak, 25 urtez zapiak lotuz ekimenaren barruan. Horrez gain kalean bertan ere egingo dute paseo hori hilak 19an, Mertxe Tranche historialariak lagunduta.
25 urte beteko dira aurten Irungo alardean emakumeek lehen aldiz desfilatu zutela, eta hori gogoratzeko ekimena antolatu du Parean elkarteak. Honen esanetan, urteotan asko aurreratu den arren, "oraindik amaitu ez den borroka luzea izaten ari da" eta Irungo jai handian jendarteak jarraitzen du "bitan zatitua" egoten.
Baina nabarmendu dute 25 urte horiek ez direla alperrik igaro: "Gogorra bezain aberatsa izan da bidea". Eta hori guztia gogoratu dadin, "historiaren paseo" interaktiboa sortu dute, euskaraz zein gaztelaniaz egina, idatziak, audioak eta garaiko argazkiak erabili dituzte, baita Txakur Gorria kolektiboko kideek egindako ilustrazoak ere: "Borroka honen abagune nagusiak gogora ekarri ditugu, herritarrek ezagutu eta inoiz ahaztu ez ditzagun".
Horrez gain, ekainaren 19an paseo historikoa antolatu dute kalean bertan, Irungo San Juan plazatik 11:00etan abiatuta, Mertxe Tranche historialariaren eskutik. Paseoak hiru helburu ditu: borroka luze horrek emandakoa "belaunaldi berrien esku" jartzea; alarde parekidea aldarrikatzea eta erakunde publikoei exijitzea errespetatu ditzatela emakumeen eskubideak; eta 1996ko San Martzial egunean desfilatu zuten 57 emakume horiei "omenaldi xumea" egitea.