argia.eus
INPRIMATU
Irungo Alarde parekidearen aldeko manifestua atera dute
  • Euskal Herriko 500 emakumek baino gehiagok sinatu dute Irungo Alarde parekidearen aldeko idatzia. “Gure inguruko jaietako ospakizun gehienak garai berrietara egokitzen joan dira arian-arian, baina gaur egunean Irunen, eta ustezko normaltasun batean, bi alarde ospatzen dira oraindik ere”.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 18a

Alarde horietako bat pribatua dela azpimarratu dute, “tradizionala eta baztertzailea”, bestea aldiz, “herritar guztiok barnean hartu nahi gaituena, emakumeek nahiz gizonek berdintasunean zeregin berbera daukaten alardea”. Irunen eta Hondarribian emakumeek festetan beste rol bat izatea eskatu zutenetik “hogei urte luze” pasa direla gogorarazi dute.

"Hau ez da kanpotik ulertzen ez den arazo lokala"

Hori horrela, eta tradizioaren aitzakian emakumeek jazarpen asko jasaten dituztela salatuz, ekainaren 30ean Irunera joateko deia egin diete herritarrei, alarde parekideari babesa ematera eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna defendatzera. “Hau ez da kanpotik ulertzen ez den arazo lokala, sinetsarazi nahi diguten bezala, eta ezin dugu beste bi hamarkada itxaron konpondu dadin, erabaki politikoaren zain”.

Juana Aranguren abokatua, Garbiñe Biurrun epailea, Anari Alberdi musikaria, Toti Martinez de Lezea, Karmele Jaio edota Laura Mintegi idazleak, Maialen Lujanbio bertsolaria, Maddalen Iriarte (EH Bildu), Rafaela Romero (PSE), Eukene Arana (Elkarrekin Podemos)… daude sinatzaileen arten.