argia.eus
INPRIMATU
Irungo alarde parekidea, inoizko jendetsuena
  • 21. aldiz irten da alarde parekidea Irungo kaleetan zehar, San Martzialetan. Orain arteko parte-hartze handiena izan dute aurten konpainia parekideek, 1.800 pertsona. Herritarrek txalo artean hartu dituzten bitartean, Irungo alkateak eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak ez diote harrerarik egin.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 01
Alarde parekidearen desfilea Irungo kaleetan zehar: Argazkia: @irunhitza.

Goizeko 10:20an abiatu da alarde parekidea, alboetan herritarrek txalo egiten diotela. Konpainiek auzoetan zehar desfilatu dute, ondoren Urdanibia plazan elkartzeko berriz ere. San Juan plazan sartu dira denak batera desfileko unerik beroenean, eta han EH Bilduko zinegotzi Oihana Brionesek eman die bandera alarde parekideko parte hartzaileei.

Plazan bildutako herritarrez gain, udaletxeko balkoian EH Bilduko, Ezker Anitzako, Elkarrekin Podemoseko, EAJko eta PSEko ordezkari politikoek egin diote harrera alarde parekideari. PSE eta EAJko ordezkarien artean ez zegoen Irungo Udaleko ordezkaririk. PSEko Irungo alkate Jose Antonio Santanok alarde baztertzaileari egin dio harrera soilik aurten ere, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano ez da Irunen azaldu. Julia Hernandez Arartekoaren ondokoa eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere alarde parekidera gerturatu dira.

Parekidetasunaren alde

Emakundeko zein Arartekoko ordezkariek jaietan ere parekidetasuna bermatzearen beharra nabarmendu dute. Bide horretan tradizioak moldatzearen alde hitz egin dute, eta Irunen osatu berria den udal gobernuak bazterketari amaiera jarriko dion esperantza azaldu dute. EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrietak Tolosako eta Antzuolako jaietan egindako lana jarri ditu adibide gisara, bazterketarekin amaitzeko bidean.

PSEko Gipuzkoako ahaldun Denis Itxasok erakundeen “zubi lana” defendatu du: "Horrek esan nahi du bi alardeetan egon eta bi alardeak ikusi ahal izatea, bata bestea baino zilegiagoa edo erakargarriagoa iruditu arren". Ordea, bere alderdi bereko eta Irungo alkate den Santanoren jarrera kritikatzea ekidin du Itxasok: “Ez naiz inor alkateari zer egin behar duen esateko”.