"Koronabirusak eragin duen osasun krisia" dela eta, ekainaren 30ean egitekoa zen Irungo alarde parekidea bertan behera utzi dute.
Komunikatu baten bidez, alarde parekideko batzordeak "elkartasuna" adierazi die COVID-19 gaitzaren biktimei eta euren senideei; eta eskerrak eman dizkiete "lehen lerroan" aritu diren osasungintzako langileei eta "gure beharrak asetzen laguntzen digutenei", Berria egunkariak jaso duenez.
"Aurten egingo ez dugun Alardearen indarra herritarron indarra da", diote komunikatuan. "Elkar ikusteko, besarkatzeko, txilibitua edo danborra joz elkarrekin desfilatzeko ezina ordea, bai bihur dezakegu adore eta kemen, gure gizartea, irundarrona, zatiketak atzean utzi eta batuago egon dadin, elkartasunez berdintasunez lotuago".
Bestalde, Irungo Udalak ez du oraindik alardearen inguruko erabakirik hartu. Apirilaren 15ean, San Martzial Alardearen Buruzagien Batzordeak ez ohiko bilera egin zuen, eta besteak beste, honakoa erabaki zuen: "Alardea egiteko planteatzen den data bakarra ekainaren 30a da, eta egun horretan ezin bada egin osasun agintariek horrela adierazten dutelako, ez da beste egun batean burutuko".