argia.eus
INPRIMATU
Greba mugagabea Iruñerriko “Villavesa” autobusetan
  • “Villavesa” izenez ezagutzen den Iruñerriko eskualdeko hiri garraioko langileak greba mugagabea abiatu dute gaur. Gutxieneko zerbitzuetan atzerapen handiak izaten ari direla ohartarazi dute. 

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 16a
Lanuzte partzialen ondotik, adostasunik ezak greba mugagabera bultzatu ditu \"Villavesetako\" gidariak. (Argazkia: Euskalerria Irratia)

Enpresa eta langileen arteko desadostasuna medio hasi da lanuztea. Asteburuan garraio zerbitzua kudeatzeaz arduratzen den enpresako (TCC) zuzendaritzak, Iruñerriko Mankomunitateko (MCP) arduradunek eta langileen komiteko ordezkariek bilerak izan dituzte, baina ez dute akordiorik erdietsi.

Enpresak hiru urtetarako (2014, 2015 eta 2016) hitzarmena biltzen duen dokumentua helarazi die sindikatuei. Abokatu baten bidez entregatu dute txostena eta ez da goi-karguko inor azaldu, beraz ez da negoziatzen jarraitzeko aukerarik izan.

Soldaten %5,38ko jaitsiera, soldata-eskala bikoitza eta enpresak irabaziak izanez gero lansaria ezin igo ahal izatea jasotzen du dokumentuak. Azken puntu horiek eragin ditu desadostasun gehien langileen artean. Soldata jaisteko prest baitaude, baina ez dute onartzen 2017a arte berreskuratzerik ez izatea. Alberto Iribarren, komiteko presidentearen esan duenez, “puntu hori eztabaidatzen jarraitu nahi genuke adostasun batera iritsi arte, baina argi dago enpresak ez duela horretarako jarrerarik, negoziatzera ere baita azaldu”.

TCCko langileek aste honetan egindako biltzarretan %100ko botoekin erabaki dute adostasunik egon ezean greba mugagabea hastea.

%60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte puntako orduetan (6:30-9:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30ak bitarte) eta %40koak gainontzekoetan. Enpresak gaur goizean jakinarazi duenez “autobusetako garajean pikete informatikoak egiten ari dira eta hori gutxieneko zerbitzuetan atzerapenak eragiten ari da”.

Izquierda-Ezkerra, NaBai eta Bilduk izan ezik, gainerako alderdi politikoek lanuztea amaitzeko eskatu diete langileei. 

Lan baldintza okerragoak, zerbitzu eskasagoa

Azken hilabeteetan lanuzte partzialak egin dituzte langileek, Bartzelonako TCC enpresak galerak argudiatuta estatuko lan hitzarmena ezarri nahi dielako. Langileak akordio berria sinatzeko prest daude, baina baldintzak negoziatu nahi dituzte.

Beharginek salatu dutenez, lan baldintza okerragoetan ari dira lanean, soldata jaitsiera eta lan-ordu luzeagoak direla medio. Horrez gain, zerbitzuaren okertzea ohartarazi dute. Besteak beste, autobusek mantentzean dirua aurrezteko olio merkeena erabiltzen baitute, eta autobus berriak ipini ordez, Bartzelonan zaharkituak gelditzen direnak eramaten baitituzte Iruñerrira.