AEK, IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoaren artean antolatu dute lehen mintzodromo hau. Diotenez, “euskaraz poliki, ongi eta oso ongi ari diren Iruñerriko euskaldunak elkartu” nahi dituzte.
Mintzodromoa iritziak trukatzeko gunea da, antolatzaileek azaldu dutenez. Parte-hartzaileei hiru gai proposatuko dizkiete eta horien inguruan aritzeko gidoitxoa ere bai. Lau-bost laguneko taldeak eginen dira eta 10-15 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatuko dira eta hizlariak beste talde batera pasatuko dira, “beste 10-15 minutuz tar-tarrean aritzeko. Ekitaldiari hasiera emateko animatzaile baten sarreratxoa izanen dugu eta amaitzeko, elkartutako guztiok, denok batera, abesti ezagun bat kantatuko dugu”.
Ekitaldia Iruñeko Autobus Geltoki zaharreko nasetan eginen dute, urriaren 28an 18:30etan. Izena eman daiteke kartelean ageri den QR-an edo esteka honen bitartez, urriaren 13a eta 22a bitartean. Eman lehenbailehen izena tokirik gabe gera ez zaitezten eta gustura arituko gara tar-tarrean goxo – goxo.