Arrosadia auzoko Gelbentzu zinema zaharraren okupazioa larunbat eguerdian egin zuen Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, eta Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak asteartean egin zuten hutsaraztea.
Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, denbora tarte horretan polizia indarren presentzia etengabekoa izan da zinema eraikinaren inguruan, kontseiluko kideek egin nahi izan dituzten jarduerak eragotziz.
Salatu dute, halaber, eraikina husteko ez dietela erakutsi inongo agiri judizialik: "Agindu arbitrario horrek kolpe batez urratzen du defentsa juridikorako dugun aukera urria", diote kontseilutik. Asteazken honetan Gelbentzu zinemaren aurrean 19:00etan egingo den elkarretaratzera deitu du kontseilu sozialistak.
Ahotsa.info-ren bideo honetan ikus daiteke Polizia eraikinaren zaintza lanetan:
Apirilaren 16an, halaber, Gernikan Busturialdeko Kontseilu Sozialistak San Bartolome kalean denbora luzez hutsik egondako espazioa okupatu zuen, "Errenteriko zubiaren ondoan", eta espazioa atontzeko lanetan ari dira, Gedar atarian azaldu dutenez.