argia.eus
INPRIMATU
Iruñerriko hondakin planta berriaren aurka manifestatu dira zientoka jende Noainen
  • 300 pertsonatik gora –Ahotsa.info-ren kalkuluetan– bildu ziren larunbatean, 10, Noainen Hondakinen Makroinstalazioaren aurkako Koordinadorak deituta, Iruñerriko mankomunitateak Imarkoainen –Elorz bailara– eraiki asmo duen planta hirukoitzaren kontrako protesta azaltzera.

Zero Zabor @zero_zabor 2018ko azaroaren 13a
Manifestazioa Noaingo udaletxearen aurrean amaitu zen. (Argazkia: @JosuMari68)

Antolatzaileek adierazi dute bailara bizigarri, iraunkor eta atsegin batean bizi nahi dutela, ez dutela onartzen Iruñerriaren ipurdi bihurtzea. Elortzibarrek dagoenekoz bertan dauzka aireportua, Pirinioetarako autobidea, A15 autobidea, Nafarroako Ubidea, Garraioaren Hiria eta trenbideak: "Orain gainera eskualdeko 360.000 biztanleen zaborrak ekarri nahi dizkigute. Aski da!".

Manifestazioan garbi utzi zuten beren nahia ez dela Iruñerriko Mankomunitateak instalazio berria beste leku batera eramatea: Koordinadoraren ustez hondakinak tratatzeko hiru instalazio berri eraikitzea "akats negargarri bat izan daiteke, urte askotarako galaraziko duena hiri hondakinen kudeaketa iraunkor, eraginkor eta Europako bezala Espainia eta Nafarroako legeak errespetatuko dituena".

Sustrai Erakuntzako kide Pablo Lorentek RRR Compañia ingurumen elkartearen webgunean azaldu duenez, Imarkoainen eraiki nahi duten instalazio handia funtseaz hiru planta ezberdinez osatuta egongo litzateke. Batetik, berezita –edukiontzi marroian– bildutako organikoa tratatuko duen konpost planta. Bigarrenik, edukiontzi horian bildutakotik bereizteko ontziak, beste gai birziklagarriak eta inerte birziklaezinak. Eta hirugarrenik, TMB Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta bat, nahastuta bildutako zaborretako hondakin organikoak egonkortzeko.

Iruñerriak konpostatze planta bat behar duela onartzen du Lorentek berezi bildutako organikoarentzako. Ontzi arinen edukiontzi horiaren edukia bereizteko –birziklagarriak batera, birziklaezinak bestera– planta dagoenekoz badauka Mankomunitateak Gongoran, eta Koordinadorak salatzen duenez nahiko berria da, txukun funtzionatzen du eta oraindik hondakin gehiago tratatzeko ahalmena badauka; horrelako instalazioa mesprezatu eta berria eraikitzea diru xahuketa iruditzen zaie.

Bigarrenarekin batera hirugarren plantak dakar herritarrontzako arazorik handiena. Gaur Iruñerriak gaikako bilketan daukan tasa ahularekin –%17,1– TMB bat den eraikin garesti batek ez luke lortuko hartan sartutakoaren %5 baino gehiago probetxugarri izatea; nahastuta sartzen den organikoak ez du kalitaterik ematen ongarritzat erabiltzeko daraman kutsaduragatik eta biltegi batean laga behar izatera dago kondenatuta.

Bilketa on bat ezartzetik, hain zuzen, hasi beharko luke Iruñerriak Koordinadoraren esanetan. Organikoaren %78,7 zaborretan nahastuta botaz gero hortik ez dagoelako probetxuzko ezer ateratzerik ezta makinarik garestienarekin ere.

Larunbateko manifestazioaren amaierako ekitaldian antolatzaileek aipatu zuten hondakin planta berrien aferarekin nahastuta egon daitekeen beste gai bat ere: operazio inmobiliario bat, Ahotsa.info-k bildu duenez:  "Mankomunitateak darabilen gardentasun eza eta inposizioa ere salatu zituzten, 'proiekturik gabe eta alternatiben azterketa ez tekniko eta ez ekonomikorik egin gabe' aritzea eta 'legeak eskatzen duen herritarren parte hartzerik gabe', zertarako eta makro planta batuk ezartzeko eta bide batez Nasuvinsari arazo bat konpontzeko".

Sustrai Erakuntzak urrian plazaratutako agiri batean salatzen zuen Imarkoaingo plantak erabaki eta ezartzeko prozedura: "Mankomunitateak Iruñerriko hondakin-planta erabakitzeko modu ilunaren aurrean".