argia.eus
INPRIMATU
Iruñerriko herri harresia irudikatuko dute larunbatean
  • Larunbatean herri harresia lehen aldiz irudikatzeko deia egin dute militantzia politikoagatik espetxeratuak izateko arriskuan dauden Iruñerriko bost gazteek. Iruñeko Gaztelu enparantzan egingo den ekimenean “gizarte guztiaren inplikazioa eta parte-hartzea” ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. Antolatzaileen arabera, ekimenak eguerdira arte iraungo du.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 21
Pasa den astean eman zuten prentsaurrekoa auziperatuek, herri harresia irudikatuko den tokian bertan, Gaztelu enparantzan. (Argazkia: herriharresia.net)

Segi eta Ekineko kide izatea egotzita, 6 urteko kartzela zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Datorren uztailaren 3an, Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpena aztertuko du eta kondena berretsi edo gazteak absolbitu ditzake. Aritz Azkona, Maider Caminos, Luis Goñi eta Xabier Sagardoik prentsaurrekoan parte hartu zuten; Mikel Jimenez aldiz, espetxean dago jada, behin-behineko askatasuna ukatu baitiote.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, ez daude atxiloketa gehiago onartzeko prest: “Absoluzioa da konponbide politikoari ekarpen positiboa egingo dion ebazpen bakarra. Ez dugu bestelako epairik onartuko”.

Babesa adierazi dieten eragileen jarrera txalotu dute auziperatuek, baita “hatz bakar bat mugitu ez dutenak” gaitzetsi ere. “Interes partidista eta ekonomikoetatik at jokatzeko unea da. Herri baten etorkizuna dago jokoan”.

Auziaren zain dauden gazteek hiru urte eta erdiko badaezpadako kartzela zigorra betea dutenez, atxilotzen badituzte sei urteak osatzeko falta zaien zatia igaro beharko dute espetxean. Jaione Karrera abokatuaren hitzetan, inkomunikazio garaian egindako aitorpenetan eta etxeetan aurkitutako “pegatina eta antzekoetan” oinarritzen da Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia. Luis Goñi eta Xabier Sagarduik inkomunikazio garaian torturatu egin zituztela salatu dute.

Ateak Ireki-k prentsaurrekoaren bideoa zabaldu du: